Kronika
 
36ko Gerran desagertutako 24 lagunen gorpuzkiak hobiratu dituzte Elgoibarren

Elgoibarko kanposantuan, Duintasunaren Kolunbarioan lurperatu dituzte 36ko Gerran desagertu ziren 24 pertsonaren gorpuzkiak. Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Lakuako Gobernuak azken urteotan elkarlanean ikertu dituzten hobietan aurkitutakoak dira. Hiru identifikatu dituzte: Ramon Portilla CNTko borrokalaria, Millan Zabala Donostiako Udaleko Gauzainen Kidegoko langilea, eta Nicolas Obregon Euzko Gudarosteko CNTren Sacco Wanzetti batailoiko kaboa. Portillaren senideek egin dute ehorzketa, gorpuak topatu diren udalerrietako ordezkariekin eta CNTko kideekin batera.

@gara_miantzi|Elgoibar|2018/02/09 13:30|0 iruzkin
Loading player...

Ramon Portillaren bi ilobak, Lorenzo eta Antonio De Pablos Portillak, hobiratu dituzte Elgoibarren, Duintasunaren Kolunbarioan, 17 urterekin 36ko Gerran bizia galdu zuen osabaren gorpuzkiak. Bi anaiek hunkituta kontatu dute zortzi anai-arreba zirela portillatarrak eta denak zenduta daudela orain. «Izeba bat soilik goxatu ahal izan zen osabaren gorpuzkien aurkikuntzaren albistearekin. Gure ama justu topatu baino hilabete batzuk lehenago hil zen».

CNTko kidea zen Portilla, Abantokoa. Beretaz gain, Millan Zabala Donostiako Udaleko Gauzainen Kidegoko langilea eta Nicolas Obregon Euzko Gudarosteko CNTren Sacco Wanzetti batailoiko kaboa identifikatu dituzte topatutako 24 gorpuzkietatik. Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Lakuak elkarlanean egindako ikerketaren emaitza dira aurkikuntza hauek.

Jende ugari bildu da gaur goizean Elgoibarko Olaso kanposantuan, Duintasunaren Kolunbarioaren inguruan. Portillaren senideekin batera, CNTko kideek eta gorpuak topatu dituzten udalerrietako lagunek egin dute ehorzketa: Bilbo, Donostia, Etxebarria, Galdames, Larrabetzu, Legutio, Lemoa eta Turtziozko alkate edo ordezkariek. Banan-banan sartu dituzte gorpuak barrenean zituzten kutxak kolunbarioko nitxoetan, Aranzadi Zientzia Elkartekoak, memoria historikoa lantzen dabiltzanak eta herritarrak errespetuz begira zituztela.

Aitzinetik, bi dantzarik ohorezko aurreskua dantzatu dute eta lore eskaintza batekin bukatu da ekitaldia. Ane Beitia Elgoibarko alkateak lagunduta bertan izan den Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariak azaldu duenez, Duintasunaren Kolunbarioa joan den urtearen hasieran inauguratu zen eta gaurtik aurrera 51 pertsonaren gorpuzkiak egonen dira bertan, gehienak identifikatu gabeak. Gaur ehortzi dituztenen artean identifikatutakoez gain, Sabino Atutxa Olabarri, Jesus Zuazua Mondragon eta Joaquin Garro Eizmendiren gorpuzkiak jasotzen ditu kolunbarioak, ahanzturatik memoriara ekarriz eta errespetua eta ohorea adieraziz. Ekitaldi honekin, gerran desagertutako pertsona guztiak omendu nahi izan dituzte.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK
«PENSIONES DIGNAS»
MAITE BIDARTE | MARISOL RAMIREZ | ION T. BARRENA
Loading player...


Este sábado los pensionistas vuelven a la calle y las mujeres tomarán especial protagonismo. Cecilia, Txaro, Mertxe e Itziar son cuatro mujeres pensionistas que «no se fían» de que vaya a mejorar su situación por lo que siguen en la calle. Nos cuentan su realidad. (Este viernes a partir de las 10.30 extenso audio-reportaje en Info7 irratia)