Espainiaren birzentralizazio prozesuari «herri gisa» aurre egiteko deia egin du EH Bilduk, «bestela jai daukagu»

Espainiak azken aldian Gasteizko eta Iruñeko parlamentuek onartutako hainbat lege atzera bota dituela salatzeko agerraldia egin dute Maddalen Iriarte eta Bakartxo Ruizek. Espainiaren «birzentralizazio prozesuaren» adierazle jo dituzte neurri horiek eta hauei «herri gisa» erantzuteko deia egin dute.

NAIZ|DONOSTIA|2018/02/09 16:02|0 iruzkin
Aa_20180209661079
Bakartxo Ruiz eta Maddalen Iriarte goizeko agerraldian. (Jon URBE | ARGAZKI PRESS)

EH Bilduk Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetan dituen bozeramaileek agerraldi bateratua egin dute goizean «Espainiako estatuaren birzentralizazio prozesu basatia» salatzeko. Maddalen Iriarte eta Bakartxo Ruizek horren adibide gisa jarri dituzte azken egunotan Espainiako auzitegiek hartu dituzten hainbat erabaki: Frackingaren aurka EAEn onartutako legea murrizteko Konstituzio Auzitegiaren erabakia, 35 orduko lan astearen aurka Auzitegi Gorenak hartutakoa eta Nafarroako Gobernuak torturaren inguruko txosten bat egitearen aurka Espainiako Gobernuak jarritako helebitea. Erabaki hauen guztien helburua «hego Euskal Herriko erakundeen burujabetza eta erabaki ahalmena murriztea» dela salatu dute bi bozeramaileek.

Ez dira bakarrak eta aurreko urteetako hainbat adibide aipatu ditzute Iriartek eta Ruizek. Nafarroaren kasuan Parlamentuak onartutako 17 lege errekurritu dituela Espainiako Estatuak salatu dute eta Gasteizko Legebiltzarraren kasuan Etxebizitza Legea, Polizia Indarkeriaren Biktimena, osasun arreta unibertsalarena eta lan eskaintza publikoa aipatu dituzte. Lege horiek guztiek «herritarren bizi eta lan baldintzak duintzea» zuten helburu hautetsi independentisten arabera eta beraz, «hobeto bizitzeko eskubidea da Espainiako Estatuak Hego Euskal Herriko herritarrei ukatzen diena».

Iriarte eta Ruizen hitzetan «hemen ere badugu gure 155. artikuluaren aplikazio partikularra», salatu dute Madrilekiko harremana «mendekotasunean» oinarritzen dela eta egoera honi «herri gisa» erantzun beharra dagoela, «bestela jai daukagu». Espainiako Estatutik «korronte birzentralizatzailea» datorrela salatu dute eta horren aurrean «gure instituzioen eta herritarren erabakitzeko eskubidea eraso egiera datorren edozein ekimenetik babesteko tresnak adostu, eraiki eta indarrean» jartzeko deia egin dute.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK