Lakuak Eustateko langileak «egoera prekarioan» mantentzen dituela salatu du ELAk

Eustateko langileentzat «bidezkoa den irtenbide bat» eman diezaiela eskatu dio ELA sindikatuak Lakuari. Sindikatuak langile guztien lanpostua bermatzea aldarrikatu du, «%100eko lanaldiarekin urte guztirako, lurraldeen arteko derrigorrezko mugikortasunik gabe, lanpostuaz jabetu ondoko euskerazko perfileko derrigortasun datarekin eta kontsolidazioa EPE bati lotuta, egonkortzeko berme».

naiz|2018/02/09 16:02

«Prekarietatearen alde eta bere arduren utzikeria eginez», Lakuak Eustaten dauden 91 langileak «egoera prekarioan» mantentzen dituela salatu du ELA sindikatuak. Langile hauek Lakuako Gobernuarentzat lanean 27 urte daramatzatela azpimarratu dute eta, hala ere, «ikustezinak» direla.

2010 eta 2012 urteetan epaitegietara jo zuten bere lanpostuak defendatzeko, baina nahiz eta epaitegiak arrazoia eman eta legebiltzarrak egoera honen irtenbiderako agindua igorri, Lakuak «horrelako egoera prekarioa mantentzeko proposamena» egiten duela nabarmendu dute. 91 langileak %100eko lanaldien ziurtasunik gabe eta urte osoa lana egingo duten jakin gabe daudela jakinarazi du sindikatuak.

«Badago nahiko lan, ondo antolaturik hau horrela gauzatzeko. Eta badaude makina bat inkesta kanporatzen direnak, bertan egin beharko liratekeenak eta lana ere sortuko luketenak, zerbitzu publikoa indartuz», adierazi dute. Honen aurrean «borondate politikoaren falta» somatzen dute.

Sindikatuak langile guztien lanpostua bermatzea aldarrikatu du, «%100eko lanaldiarekin urte guztirako, lurraldeen arteko derrigorrezko mugikortasunik gabe, lanpostuaz jabetu ondoko euskerazko perfileko derrigortasun datarekin eta kontsolidazioa EPE bati lotuta, egonkortzeko berme».