Hezkuntzan «neurri zehatzak» eskatu dituzte sindikatuek, martxoko grebak erregistratuta

EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan deitutako lanuzte berrien deialdia egin dute Lakuko Gobernuak Bilbon duen Delegaritzan ELA, LAB eta Steilas sindikatuek. Orain arte Hezkuntza sailaren proposamenak «oso eskasak» izan direla adierazi dute.

naiz|Bilbo|2018/02/14 12:59
Greba
ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek martxoaren 14 eta 15erako deialia aurkeztu dute Lakuaren Bilboko Delegaritzan. (ELA)

ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek martxoaren 14 eta 15erako deialia aurkeztu dute Lakuaren Bilboko Delegaritzan. Hezkuntza sailari «neurri zehatzak» eskatu dizkiote «negoziazioetan hasteko». Datozen asteetarako greba egutegi bat aurkeztu zuten urte hasieran sindikatuek.

Hiru sindikatuon ustez, «ezinbestekoa» da Lakua «azken urte luzeetan inposatzen ari den murrizketak eta hezkuntza politika errotik aldatzea» eta honek guztiak egungo hezkuntza publikoan eta haurreskoletan «sufritzen ari garen egoerari buelta ematea». Hiru sindikatuotako ordezkariek datozen martxoaren 14 eta 15erako deialia aurkeztu dute gaur Eusko Jaurlaritzaren Bilboko Delegaritzan.

Orain arte Hezkuntza sailaren proposamenak «oso eskasak» izan direla adierazi dute eta eskola publikoaren beharrei «ez diotela erantzuten» gaineratu. «Are eta gutxiago egiten ari garen aldarrikapenei».

Aldarrikapen hauen bitartez, lan baldintzak «berreskuratu» egin nahi dituzte «hezkuntzaren kalitatea hobetzeko». Hezkuntza sailaren aldetik «neurri zehatzen falta» somatu dute, «inongo epe eta zehaztasunik gabe».

Aste honetarako bilera bat zuten aurreikusia, baina Lakuak bertan behera utzi du «agenda arazoak» argudiatuta. Bilera hau hurrengo astean egin ahal izatea espero dute sindikatuek.