Minbiziarekiko biziraupena hazi egin da EAEn 2000. urtetik hona

Minbiziarekiko biziraupenak gorakada «esanguratsua» izan du EAEn 2000. urtetik, Lakuako Osasun Sailak aurkeztu duen ikerketa baten arabera. Gizonetan bost urterako biziraupena sei puntu hazi da, eta emakumeen kasuan, bost puntu. Tumore gehinetarako emakumeen biziraupen-ehunekoa altuagoa da.

NAIZ|BILBO|2018/02/14 15:20
Minbizia-ikerketa
Minbiziari buruzko ikerketaren aurkezpena Bilbon egin dute. (IREKIA)

Jon Darpon Lakuako Osasun sailburuak eta Iñaki Berraondo sailburuordeak aurkeztu dute ‘2000-2012 Minbiziarekiko biziraupena Euskadin’ azterlana, EAEn tumoreen biziraupen-indizeen berri jasotzen duena.

Azaldu dutenez, ikerketa horren ondorio nagusia da 2000. urtetik minbiziarekiko biziraupenak orokorrean gorakada «esanguratsua» izan duela, biziraupenak gora egin duela minbiziaren eraginpean dauden pertsonengan, Estatu espainolean eta Europar Batasunean dagoen batez bestekoaren gainetik. Datuon arabera, emakumeek biziraupen-ehuneko altuagoa dute.

Hala, diagnostikoaren ondoko bost urteetan estandarizatutako biziraupen-tasa, 2012an, EAEn, %52,2koa izan zen gizonetan, eta %59,9koa emakumeetan. Europak bost urteko biziraupen erlatiboa izan zuen tumore guztietarako eta antzeko aldia, %50,3 gizonetan eta %58 emakumeetan. Estatu espainolari dagokionez, biziraupen-tasa ere %48,9tik beherakoa da gizonetan eta %58tik beherakoa emakumeen artean.

Gizonen artean, bost urterako biziraupena sei puntuan –%49,2koa lehen eta %55,2koa orain– hazi da, eta emakumeen kasuan, bost puntuan –%57,1ekoa lehen eta %62,4koa orain–, ikerketa horren arabera.

Tumore-moten arabera, txostenak nabarmentzen du bi sexuetarako koloneko eta ondesteko minbizian izan den biziraupenaren gorakada; zortzi puntu hazi da gizonetan (%56,1ekoa lehen eta %64,4koa orain) eta 9 puntu emakumeetan (%56,9koa lehen eta %65,8koa orain).

Beste minbizi batzuetan biziraupenak altua izaten jarraitzen du, urte batzuetatik hona, besteak beste: bularreko minbizia (ia %86) eta prostatako minbizia (%91). Halaber, hobekuntzak antzeman dira pronostiko txarreko tumoreetan, besteak beste, biriketako minbizian.

Datuak adinen eta bizilekuaren arabera egokitzean, tumore batzuetan hiltzeko gehiegizko arriskuak murrizketa esanguratsua izan du. Gizonen artean, hiltzeko arriskuak behera egin du nabarmen aho-barrunbeko eta faringeko, urdaileko, pankreako eta gibeleko minbizietan eta plasmozitoen minbizian. Emakumen artean, hiltzeko arriskuak behera egin du nabarmen biriketako, gibeleko, bularreko, uteroko eta giltzurruneko minbizietan.

Darpónek esan duenez, minbiziak, oro har, gaur egun, sendatze-ehuneko altuak ditu eta, sarritan, gaixotasun kroniko bilakatzen da, «diagnostiko goiztiarrean, terapia pertsonalizatuetan eta minbiziaren aurkako borrokan aurrera egiteko aukera emango digun ikerketan eginiko aurrerapenei esker». Ildo horretan, eskerrak eman dizkie Osakidetzako profesionalei, hainbat eremutan egin duten «lan bikainagatik».

Sailburuak iragarri du uda baino lehen abian jarriko dela umetoki-lepoko minbiziaren detekzio goiztiarraren Programa, 21 eta 65 urte bitarteko emakumeei zuzendua, tumore horrengatiko heriotza-tasa murrizteko.