NAIZ
IRUN

Estatus politikoaren inguruko herri galdeketa egingo dute Irunen azaroaren 18an

Estatus politikoaren inguruan Irunen egin asmo duten herri galdeketak badu aurrerantzean data: azaroaren 18a. Hala iragarri zuten atzo, larunbatez, Hartu Hitza Irun plataformako kideek. Agerraldiak hamarnaka herritar ezagun bildu zituen.

Herri galdeketaren aurkezpeneko familia-argazkia. (NAIZ.EUS)
Herri galdeketaren aurkezpeneko familia-argazkia. (NAIZ.EUS)

Hartu Hitza Irun plataformako kideek agerraldia eskaini zuten atzo, larunbatez, herrian estatus politikoaren inguruan egingo den herri galdeketa aurkezteko. Elena Berazadi eta Itziar Gomezek hartu zuten hitza hamarnaka herritar ezagun bildu zituen ekitaldian.

Azaldu zutenez, aurreko urtetik dator herri galdeketa egitearen erabakia, eta gaineratu zuen Hartu Hitza elkartearen ustez kolektiboki erabakitzeak «parte hartzea, erantzukizuna, errespetua eta heldutasun soziala» erakusten duela.

Galdeketa azaroaren 18an izango da, baina bitartean bada zer eginik. Bederatzi hilabeteko iraupena izango duen prozesua dute aurrean. Lehen urrats bezala, 3.000 sinadura lortu asmo dituzte. Saiakera hori apirilaren 29an amaituko da.

Ondoren sartuko dira galdera erabakitzen, zeina maiatzaren 19an aurkeztu asmo duten. «Eta udara ostean, Hartu Hitzaren esfortzu guztiak kontsultaren antolamenduan zentratuko da. Ariketa demokratiko baten protagonistak izateko aukeraren aurrean gaude», adierazi zuten.

Kontsultak biztanleko euro bakar bateko aurrekontua izango du, hau da, 60.000 euro ingurukoa. Zentzu horretan, jende ugariren laguntza izatea espero dute ekimenaren bultzatzaileek eta laguntza ekonomikoak egiteko formula ezberdinak planteatuko dituzte.