naiz
gasteiz

1.080 euroko gutxieneko pentsioak ziurtatzeko eskumenak baliatzea eskatu dio EH Bilduk Lakuari

EH Bilduk, «pentsio duinak bermatzeko», bi proposamen zehatz aurkeztu ditu Gasteizko Legebiltzarrean. Alde batetik, espainiar Gobernuari Gernikako Estatutuak dioena «behingoz betetzeko» exijitzea. Eta bestetik, eskumenak baliatu ditzala lau urtetan 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatu ahal izateko.

Nerea Kortajarena, Maddalen Iriarte eta Leire Pinedo, gaurko agerraldian. (Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)
Nerea Kortajarena, Maddalen Iriarte eta Leire Pinedo, gaurko agerraldian. (Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)

Maddalen Iriartek, EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean duen bozeramaileak, salatu duenez, «espainiar Estatuko pentsio sistemak ez du bizimodu duina bermatzen eta gero eta argiago dago ezinbestekoa dugula horren gaineko eskumena edukitzea eta gure pentsio sistema propioa eraikitzea, jendea erreskatatzeko».

Honen aurrean, koalizioaren iritzitan, ezin daiteke itxoin sistema propioa eduki arte pentsiodunek gaur dituzten beharrak asetzeko. Hori dela-eta, pentsioak hobetzeko Lakuari dituen tresnak erabil ditzala eskatu dio. «Pentsioak osatzea Jaurlaritzaren esku dago, ez du zertan itxoin sistema propioa eduki arte, Estatu burujabea izan arte, besteak beste, pentsiodunek ere ezin dutelako itxoin, egunero jan behar dute eta».

Hori dela-eta, EH Bilduk bi proposamen iragarri ditu parlamentuan. Batetik, Leire Pinedok azaldu duenez, Legebiltzarrak Gernikako Estatutuak dioena «behingoz betetzeko exijitu behar dio Gobernu espainiarrari», bi hilabeteko epean «egitasmo eta egutegi zehatza aurkez dezan Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren transferentzia gauzatzeko», hori lehenengo urratsa izango delakoan euskal pentsio sistema lortzeko.

Bigarrenik, EH Bilduk Lakuari galdegin dio haren eskumenak baliatu ditzala «pentsio baxuak hobeto osatzeko, hemendik lau urtetara 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatu ahal izateko, bereziki emakumezkoen zaurgarritasun egoerari erreparatuz». Nerea Kortajarenak gogora ekarri du Lakuak 16.000 pentsio osatzen dituela gaur egun Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren bitartez, «baina motzegi geratzen da, kopuruak oso urrun daudelako Europako Gutun Sozialak gomendatzen dituen 1.080 euroetatik».

Zentzu horretan pentsioak KPI-Kontsumorako Prezioen Indizearen igoeraren arabera osatzeko eskatu dio Iñigo Urkulluren Gobernuari.