NAIZ

Ainhoa Mujika eta Agurtzane Delgado isolamendutik atera dituzte, 9 hilabeteren ondoren

Ainhoa Mujika eta Agurtzane Delgado euskal preso politikoak isolamendutik atera eta modulura eraman dituzte Granadako espetxean, Etxeratek jakinarazi duenez. Bederatzi hilabete eduki dituzte isolatuta.

Etxeratek jakinarazi duenez, Ainhoa Mujika eta Agurtzane Delgado modulura eraman dituzte Granadako espetxean, isolamenduan bederatzi hilabete eduko ondoren.  

Modulura aldaketa Granadan giza eskubideen alorrean lan egiten duen elkarte batek kartzela horretan emakume presoen pairatzen duten egoeraz kezka agertu ondoren iritsi da. Bi euskal preso horiekin harremanetan jarri zen erakunde hori, bizi baldintzen inguruko informazioa biltzeko.

Zehazki, emakumeen moduluko garbiketaren auziari buruzko informazioa eskatu zuen; izan ere, emakumeak euren moduluko komun publikoen garbiketa eurek egitera behartu zituzten eta horrek presoen protesta eragin zuen. Salaketa horren ondorioz, euskal presoak zigortu eta bakartze ziegetara eraman zituzten.

Txetxu Barrios eta Iñaki Beaumont presoek Alboloteko espetxetik bidalitako gutunean ziotenez, emakumeei hainbat jarduera ere mugatu dizkiete, gizonezkoekin ez elkartzeko aitzakiapean.

Egoera horrek kezkatuta, Granadako elkarteko abokatu bat eta Andaluziako arartekoa presoekin harremanetan jarri zen, espetxeko zuzendaritzari informazioa eskatzen zioten bitartean.

Zuzendaritzari ez zaio ekimena gustatu eta presoen kontrako neurri berriekin erantzun du. Hala, emakumeei elkartasuna adierazi zieten presoak ere zigortu ditu, moduluz aldatu eta elkarrengandik bananduz.