NAIZ
BILBO

Urruntzearen amaiera eskatu du Etxeratek, hiru presoren amen heriotzaren aurrean

Azken egunotan, Eneko eta Ibon Goieaskoetxea eta Urko Labeaga euskal presoen amak zendu dira, haien semeak ehunka kilometrotara zeudela. Egoera honen aurrean, urruntzearekin amaitzearen beharra azpimarratu du Etxeratek.

Ibon eta Eneko Goieaskoetxea eta Urko Labeaga presoen amen heriotzaren berri eman du Etxeratek Bilbon. (ETXERAT)
Ibon eta Eneko Goieaskoetxea eta Urko Labeaga presoen amen heriotzaren berri eman du Etxeratek Bilbon. (ETXERAT)

Bilbon eskainitako prentsaurreko batean Etxeratek azaldu duenez, joan den asteartean Lurdes Arronategi zendu zen, 80 urte zituela. Bost seme zituen, tartean Eneko eta Ibon Goieaskoetxea euskal presoak, biak ere Euskal Herritik 700 kilometro baino gehiagora daudenak.

Biharamunean, Pili Garcia hil zen, Villabonan dagoen Urko Labeaga preso sopeloztarraren ama.

Bi kasuetan, seme presoen azken musua jaso gabe zendu zirela azpimarratu du Etxeratek.

«Lurdes Arronategi eta Pili Garcia ez dira kasu isolatuak», elkartearen iritziz, hainbat eta hainbat presoren kasuetan bezala, urtetan zehar bidai luzeak egin behar izan baitituzte.

Arronategi eta Garciaren kasuetan, «adinaren eta gaitzen ondorioz, eta baita hainbat urtetako ahalegin fisiko eta mentalaren higaduraren ondorioz ere, urrutiko espetxe horietara ezin izan zuten urrutiko espetxe horietara nahi bezain sarritan joan».

«Ez dago tarteko konponbiderik. Aukera bakarra euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzea baizik ez da, honela senide eta lagunekiko lotura bermatzeko eskubidea ziurtatuko baita», Etxeratek azpimarratu duenez.

Ildo horretan, elkarteak salatu du «askotan, senidea larriki gaixorik eta hilzorian dagoela dioen sendagilearen txostena izan arren, Euskal Herrira eramanak izateko eskaerek ezezko erantzuna jaso dute». Eta, gainera, bisita horiek onartu egin diren kasuetan, etxean poliziak izaten dira, «familiaren intimitaterako eskubidea urratuz». 

«Espetxe arloko agintariek euskal presoa Euskal Herrira eramana izateko baimena ukatzen dutenean –esan du elkarteak–, senideak espetxeraturiko semea, alaba edo biloba ikusi eta agurtu gabe hilko da. Honelakoetan, zigorra ez da arazoa, urruntzea baizik».