NAIZ
DONOSTIA

«Esnatzen ari den» Euskal Herriaren neurriko EH Bildu bat helburu

Batzar Orokorra egin du EH Bilduk gaur hurrengo urteko udal eta foru hauteskundeei begira. Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan «Euskal Herria esnatzen» ari dela nabarmendu dute bozeramaileek eta koalizioa horren neurrira indartzeko erronka jarri diotela euren buruari.

EH Bilduren batzar orokorra Donostiako Eureka zientzia museoan. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
EH Bilduren batzar orokorra Donostiako Eureka zientzia museoan. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

2019ko udal eta foru hauteskundeak jomugan, Batzar Orokorra ospatu du EH Bilduk gaur Donostian. Patri Perales eta Oskar Matute agertu dira hedabideen aurrean gaurko batzarrean landu dituzten irizpide eta gakoak azaltzera. Peralesek nabarmendu du koalizioa «goranzko joeran» dagoela eta «oso baikor» daudela kalean nabari den mobilizazio gaitasunarekin, pentsionisten dinamikak eta martxoaren 8a aipatu ditu.

Hari horri segiz, Oskar Matutek nabarmendu du «Euskal Herria esnatzen ari den testuinguru baten» ari direla ospatzen batzarra eta Euskal Herri horrek EH Bildu indartsuagoa behar duela.

Hauteskundeei begira, beraz, koalizioaren kapitala reaktibatu eta herritarren «justizia eta duintasunaren alde lan egiteko» indartzea dutela xede adierazi dute bi eledunek.

Batzarraren abiaptundua EH Bai koalizioko Eneko Aldanak jarri du eta Bakartxo Ruiz eta Oihana Etxebarrieta parlamentariek egin dute egoera politikoaren kokapena.