Gipuzkoako ehun bat enpresa batzorde azaldu dira Zubietako erraustegiaren aurka

Gipuzkoako ehun bat enpresa batzordek Zubietako erraustegia eraikitzeko lanak gelditzearen aldeko aldarriarekin bat egin dute. Errausketaren Aurkako Mugimenduak, sindikatu eta lan munduko hainbat eragilerekin batera, hondakinen errausketaren eta horien kudeaketaren inguruko jardunaldia egingo dute hilaren 20an.

NAIZ|DONOSTIA|2018/03/12 12:44|5 iruzkin
Erraustegia-jardunaldia
Hondakinen kudeaketari buruzko jardunaldiaren eta bildutako atxikimimenduen aurkezpena egiteko agerraldia, Donostian. (ELA sindikatua)

Euskal gehiengo sindikalak agerraldia egin du Donostian, erraustegiaren inguruko eztabaidan langileek ere zer esana eta erabakietan parte hartzeko eskubidea daukatela aldarrikatzeko, beraien «bizi eta lan baldintzetan eragina duen gaia baita».

«Badago alternatiba, hondakinen kudeaketa iraunkorra, birziklatuz, berrerabiliz eta murriztuz. Dagoeneko demostratu da alternatiba erreala eta eraginkorra dela. Ingurumena eta pertsonak erdigunean jartzen dituen gizarte eredu berria beharrezkoa da», nabarmendu dute.

«Gizartean dagoen kontrako jarrerari eta aurkeztu diren alternatibei kasurik egin gabe» Zubietako plantaren proiektuarekin aurrera egiteko Gipuzkoako Aldundiak hartu duen erabakia ere gaitzetsi dute: «Gipuzkoako jendarteak dituen benetako beharrei erantzuteko behar diren ehunka milioi euro guztiz kaltegarria den azpiegitura hau eraikitzeko erabiliko dituzte».

Atxikimenduak

Zentzu horretan, martxoaren 20an hondakinen kudeaketari buruzko jardunaldia antolatu dute martxoaren 20rako. Goizean hitzaldiak eta mahai inguruak egongo dira, Donostian, unibertsitatean. Ondoren, 12.30ean, lan munduko eragileek giza kate bat osatuko dute Gipuzkoako Aldundiaren inguruan, arratsaldeko 19.30ean toki berean errepikatuko dutena, San Telmo Museoan egingo duten solasaldiaren ostean.

Prentsaurrekoan azpimarratu dutenez, Gipuzkoako ehun bat langile batzordek bat egin dute jardunaldiarekin. Tartean daude Club Deportivo Fortuna, EITB, Edesa Industrial, Gipuzkoako Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Ikusi, Michelin edota Donostia, Oiartzun, Pasaia eta Bergarako udaletako langileen batzordeak.