naiz

Martxoaren 8an bi ikasle makil batekin jo zituen Leioako irakaslea kanporatzea eskatu dute

Martxoaren 8ko mobilizazioetan Leioako kanpusean irakasle batek bi ikasle makil batekin jo zituela salatu du mugimendu feministak eta EHUri irakaslea kaleratzeko eskatu dio. «Badakigu halako gertaerek egoera konprometitu eta delikatuak sortzen dituztela, baita barne-gatazkak ere. Hala ere, ez dezagun ahaztu halako egoera ororen aurrean erantzun aktiboa ematea beharrezkoa dela».

Leioako mugimendu feministak agerraldia egin du Medikuntzako Fakultatearen aurrean. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Leioako mugimendu feministak agerraldia egin du Medikuntzako Fakultatearen aurrean. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Martxoaren 8an EHUko kanpusetan hainbat ekimen antolatu zituzten unibertsitateko talde feministek. Leioan egin duten agerraldian salatu dutenez, «Medikuntza eta Erizaintzako Fakultatean, Kirurgiako irakasle bat oso modu bortitzean makil bat eskutan zuela irten zen, garrasika eta bertan geunden guztiei irainak zuzenduz». Mugimendu feministak salatu duenez, bi emakume gazte jo zituen.

«Gertaeraren larritasunaz jakitun, Kirurgiako sailaren parean eseri eta denon artean zer egin pentsatzen eta adosten ari ginela, segurtasuneko bi langile hurbildu ziren eta gertatutakoaren inguruan galdetu ziguten. Beraz, jazotakoa kontatu eta beldurragatik izenik eman nahi ez genuela azaldu genien», gehitu dute. Adierazi dutenez, segurtasuneko langileek lehenago ere irakasle horrekin «arazoak» izan direla adierazi zuten. Irakasleak «mehatxatuta» sentitu zela adierazi eta jo egin zituela aitortu zuen.

Irakasle honen inguruan «kexa ugari» daudela nabarmendu du mugimendu feministak. «Testigantzen arabera, emakumeak gutxiesten ditu emakume izate hutsagatik», adierazi dute.

Egoera honen aurrean, EHUri «jarrera aktibo bat» hartzea eskatu diote {ez baita posible unibertsitate mailan halako gertaera lazgarriak ematerik» eta irakasle hau kaleratua izatea eskatu dute. «Badakigu halako gertaerek egoera konprometitu eta delikatuak sortzen dituztela, baita barne-gatazkak ere. Hala ere, ez dezagun ahaztu halako egoera ororen aurrean erantzun aktiboa ematea beharrezkoa dela. Gure iritziz, orain da garaia halako injustizien eta erasoen aurrean erantzun irmoak eman eta emakumeon duintasuna bermatzeko, batez ere kontuan izanik unibertsitate honetan Berdintasunerako Zuzendaritza daukagula eta egungo Errektorea emakumezkoa dela».