naiz
Donostia

Euskaraz ez irakurtzeko arrazoi nagusia «erraztasunik ez izatea» da, inkesta baten arabera

Euskal Herriko 15 urtetik gorako hamar biztanletik zazpi dira irakurleak, baina euskarazko ohiko irakurleak soilik %6 dira, Elkar Fundazioaren inkesta batek adierazi duenez. Irratia da musika entzuteko bitarteko nagusia eta, orokorrean, plataforma digitalak. Elkarren ustez, «gogoeta egin beharko litzateke» kultur produktuak doan jasotzeko joeraren aurrean.

Elkar Fundazioko Joxemari Sorsek eta Siaderco Ikerketa Elkarteko ordezkari Juango Allurrek Euskal Herriko biztanleen irakurketa eta musika ohituren azterketa aurkeztu dute. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)
Elkar Fundazioko Joxemari Sorsek eta Siaderco Ikerketa Elkarteko ordezkari Juango Allurrek Euskal Herriko biztanleen irakurketa eta musika ohituren azterketa aurkeztu dute. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Euskal herritarrek liburuak eta musika kontsumitzeko dituzten ohiturei buruzko azterlan bat egin du Elkar Fundazioak eta emaitza nagusiak aurkeztu dituzte gaur Donostian Fundazioko Joxemari Sorsek eta Siaderco Ikerketa Elkarteko ordezkari Juango Allurrek. 2.500 inkesta egin dira Euskal Herri osoan eta 16 urtetik gorako euskal herritarrak hartu dira aztergai. 2,6 milioi biztanleko unibertsoa aztertu dela azaldu dute, horietako 996.000 (%37,7) Bizkaian, 598.000 (%22,6) Gipuzkoan, 536.000 (%20,3) Nafarroan, 174.000 (%10,4) Araban eta 238.000 (%9) Ipar Euskal Herrian.

Aztertutako laginari dagokionez, euskaldunak dira %26,6 eta erdaldun elebakarrak %73,4. Era berean, etxeko harreman hizkuntza euskara dute %10,3k, eta %7,6k, euskara eta gaztelania. Gaztelania dute etxeko hizkuntza % 74,1ek, eta frantsesa %6,6k.

Inkestaren emaitzen arabera, Euskal Herriko 15 urtetik gorako hamar biztanletik zazpi dira irakurleak, %58 berriz ohiko irakurleak. Euskarazko ohiko irakurleak, berriz, %6 dira eta euskaldunen artean %22,9 dira ohiko irakurleak. Datu horrek bat egiten du euskarazko prentsa irakurleen datuarekin. %5,6k dio irakurritako bi egunkari nagusitik bat euskarazkoa dela.

Bestalde, euskaraz ez irakurtzeko arrazoi nagusia, «euskaraz irakurtzeko erraztasunik ez izatea» da. Euskaldunen %42ak esaten du euskaraz ez irakurtzeko arrazoi nagusia erraztasun falta dela. Elkar fundazioaren iritziz, «defizit inportante bat dugu hor». 16-25 urteko gazteek irakurtzen dute liburu gehien. Horretan, hala ere, zuzeneko eragina dute ikasketekin lotutako liburuek. Soilik %11k irakurtzen dituzte euskarazko liburuak.

Musika

Musikari dagokionez, irratia da musika entzuteko bitarteko nagusia. Hamar euskal herritarretik hiruk (%29,5) erosi du azken urtean gutxienez disko bat. Ipar Euskal Herrian handiagoa da erosleen ehunekoa: %51k adierazi dute azken urtean disko bat behintzat erosi dutela. Euskarazko diskoei dagokienez, euskaldunen %30ek erantzun dute erosi dutela azken urtean. Ez-euskaldunetan, %6k.

Lau herritarretik batek (%26) badu ohitura formatu digitaleko musika doan eskuratzeko; aldiz, %6 dira formatu digitaleko musika erosten dutenak. Adinak badu eragina horretan: inkestak erakutsi duenez, 16-25 urtekoen artean hirutik bik (%66) doan eskuratu ohi du formatu digitaleko musika.

Kultura ordaindu balioan jartzeko

Elkarren arabera, «gogoeta bat egin beharko litzateke» kultur produktuak doan jasotzeko joeraren aurrean. «Bada garaia, kultura ordaindu egin behar dela balioan jartzeko. Bizitzako edozein eremutan bezala, kulturan ere enpresak eta langileak daude, eta haien lanak ordaina behar du. Ez bagaude prest liburu, disko, zinea eta abarrengatik ordaintzeko, nor dedikatuko da kulturara? Nondik etorriko dira baliabideak sortzaileentzat eta kultur sistema osoarentzat? Ezin dugu gaia pasatzen utzi, eta serio landu beharko genuke denon artean».

Gainera, inkesta honek «liburuak oraindik merkatu bat duela» erakutsi duela azpimarratu dute , «baina jakina da irakurketa jaisten ari dela, besteak beste jendeak gero eta denbora gutxiago duelako».