NAIZ
BILBO

Hamar irakasletik zazpik egin dute bat EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntzako grebarekin

EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntzan deitutako lehen greba egunean, irakasleen kolektiboaren artean jarraipena %70ekoa izan dela jakinarazi du LABek. Steilasekin batera sektore guztietan greba deitu duen ELAren arabera, «jarraipen oso zabala» izan du deialdiak: %75ekoa irakasleetan, %65ekoa sukalde eta garbiketan, %60koa heziketa berezian eta %30ekoa Haurreskoletan. 

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako unibertsitatez kanpoko hezkuntzan greba eguna dute gaur eta bihar. Aurrekoetan ez bezala, sindikatuen artean ez dago jarrera batasunik. Izan ere, ELAk eta Steilasek sektore guztiak deitu dituzte grebara: heziketa berezia, Haurreskolak, sukalde eta garbiketa zerbitzua eta irakaskuntza.

LABek irakasleak bakarrik deitu ditu grebara. Sukalde eta garbiketaren eta Haurreskolen sektoreetan akordioa sinatu zuen Hezkuntza Sailarekin. Hezkuntza bereziari dagokionean, LAB eta CCOO sinatzearen alde agertu ziren, nahiz eta azkenean ez zen halakorik gertatu sindikatu abertzaleak uste baitu babes zabalagoa behar dela (ELAk eta Steilasek ordezkaritzaren %49a daukate).

Hala, giro nahasiarekin iritsi dira bi egunotako greba egunak, CCOO eta UGT sindikatuen babesik ez daukatenak.

Ohar batean, LABek poza adierazi du irakasleen artean grebak %70eko jarraipena izan duelako.

ELAren arabera, greba egunak «oso jarraipen zabala» izan du: %75ekoa irakasleetan, %65ekoa sukalde eta garbiketan, %60koa heziketa berezian eta %30ekoa Haurreskoletan.

Lakuaren datuak

Lakuako Hezkuntza Sailak, zentroen %82an datuak bilduta, grebak %44,75ko jarraipena eduki duela esan du. Iturri beraren arabera, hezkuntza berezian, langileen %24,48ak egin du bat grebarekin; sukalde eta garbiketan, %18,29ak eta Haurreskoletan, %15,61ak.

Manifestazioa Gasteizen

Irakasleak manifestazioa egin dute Gasteizen, Parlamentutik Lakuara. Mobilizazioaren hasieran Steilaseko Ana Perezek langileek eman duten erantzunean jarri du azpimarra, nahiz eta aitortu duen LABen erabakia «nabaritu» egin dela Haurreskolak bezalako sektoreetan.

Mobilizazioa, nabarmendu du, «kalera ateratzeko arrazoiak dauden erakustaldi berri bat da».

ELAko Miren Zubizarretaren iritziz, jarraipena beste deialdi batzuen antzekoa izan da eta, hortaz, beharginak Lakuari esaten ari zaizkio «mobilizazioari zilegitasuna kentzeko estrategiak ez daukala arrakastarik».

LABeko ordezkari Aitor Nuñezek ere uste du grebak izan duen arrakastak Gobernua «zuzenean interpelatzen duela». Lakuari «edukiak» dituzte proposamen zehatzak egiteko eskatu dio.

Steilaseko Ana Perezek langileen «erantzun zabala» balioetsi du eta gaurko manifestazioa «kalera ateratzeko arrazoiak badaudela» erakusteko balio izan duela erantsi du. Bere ustez, langileek ulertu dute Lakuako Hezkuntza Sailaren eskaintzak murrizketak atzera botatzeko ez duela balio. 

LAB eta ELAren balorazioak

«Borrokaren garrantzia eta balioa» azpimarratu du LABek ohar bidez, horrela «beste kolektibo batzuetan aurrerapausoak eman eta mahaiak deskblokeatuz akordioetara iristea lortu dugulako».

Era berean, Hezkuntza Sailari dei egin diote, «irakasleen mahaia konboka dezan eduki berriak aurkeztuz». «Norabide horretan mahai gainean dagoena zehaztu, garatu eta zorrozteaz gain, ordezkapenen, ratioen eta baliabide gehigarrien inguruko proposamen sendo eta serioak faltan botatzen ditugu», azaldu dute.

ELAk ere, beste agiri batea, azaldu du, langileek erakutsi duten babesaren aurrean, «Eusko Jaurlaritzak hezkuntza publikoko sektore guztietako aldarrikapenei erantzun ezean, greba eta mobilizazioei jarraipena eman beste biderik» ez zaiela geldituko.

«LABek emandako pausoek langileen artean nahasmena sortu eta egoera zaildu duten arren, grebak oso jarraipen zabala izan du», ELAk nabarmendu duenez.

Sindikatuak nabarmendu du langileek «beste behin ere» exijitu dutela «hezkuntza publikoko ibertsioa, plantillak eta baliabideak handitzea, onartezinak diren behin-behintekotasun mailak eta gelako ikasle kopurua murrizeta, eta soldatetan, ordezkapenetan, bajetan, erretiroan eta gainerako lan baldintzetan ezarritako murrizketak alde batera uztea».