NAIZ
AZPEITIA

Errazkin eta Intxaurrandietarekiko elkartasunez, manifestazioa egingo dute Azpeitian apirilaren 7an

Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandietari elkartasuna adierazi eta hondakinen kudeaketari dagokionez Gipuzkoan erraustearen alde egindako hautuak baduela alternatibarik erakutsi. Bi helburu horiek izango ditu apirilaren 7an Azpeitian egingo den manifestazioak.

Errazkin eta Intxaurrandietarekiko elkartasun sareko kideak, agerraldian. (NAIZ.EUS)
Errazkin eta Intxaurrandietarekiko elkartasun sareko kideak, agerraldian. (NAIZ.EUS)

Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohi eta Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko lehendakari ohiak Madrilgo Kontu Auzitegian deklaratu beharko dute apirilaren 12an, karguan zirenean Gipuzkoako errauskailu proiektua gelditu izanak eragindako kalte-ordainak sortzea egotzita.

«Erraustegia egiteko kontratua eten izanak sorturiko kalte-ordainak beraien bizkar utzi nahi dituzte, eta bakoitzari 40 milioi euro baino gehiagoko zigor eskaera egin diete. Inoiz ordaindu ezingo duten kantitatea, bizitza osorako baldintzatuko dituen zigor ekonomikoa», azaldu zuten iragan ostiral honetan Azpeitiko Sanagustin kulturgunean elkartu zirenek.

Elkartasun sareko kideen arabera «esandakoa bete baino ez zuten egin» Errazkin eta Intxaurrandietak: «Orain zigortu egin nahi dituzte biak, gipuzkoarron osasuna eta ingurumena kaltetzera zetorren eta datorren errauskailua gelditzeagatik». Oinarrian elite ekonomikoari aurre egin izana da epaitzera doazena hauen ustean: «Eredu kapitalistak alternatibak izan ditzakeela erakustea da zigortu nahi dutena».

Bada errauskailuak badu alternatibarik elkartasun sareko kideen esanetan, Gipuzkoako hainbat herritan lortu diren birziklatze tasak horren erakusle. «Bidea kudeaketa eredu hauetan sakontzean dagoela pentsatzen dugu, errauskailua bezalako proiektu kaltegarriak baztertuz», adierazi zuten.

Apirilaren 7ko manifestazioa 18.30ean abiatuko da Azpeitiko plazatik.