Nerea Goti
LARRABETZU

Arloz-arlo eraikitako independentzia, Larrabetzun aldarri eta erakusgarri

‘Burujabe hobe’ lelopean Independentzia Eguna ospatu dute Larrabetzun giro ederrean. Hainbat elkarte eta eragile bildu da bertan, eta ez dute zitara huts egin Katalunia eta Andaluziako ordezkariek ere.

Larrabetzuko frontoian egin dute ekitaldi politikoa. (@ikerkasanova)
Larrabetzuko frontoian egin dute ekitaldi politikoa. (@ikerkasanova)

Independentzia eguna ospatu du Larrabetzuk, goizean hasi eta egun osoz luzatu den zitan. Independentistak sareak bultzatu eta bertako herritar independentisten batzordeak antolatuta, egun osoko jaia eta hausnarketa politiko eta soziala egiteko baliatu dute eguna.

Goiz osoan zehar musikak animatu ditu Larrabetzuko kaleak eta hainbat hitzartze izan dira frontoian. Bertan, Euskal estatua arloz-arlo eraikitzen ari diren hainbat eragilek egiten duten lanari berri eman dute: euskararen arloan, hezkuntzan, sozioekonomian, energian… Besteak beste, Euskal Herrian Euskaraz, Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatiba, nekazaritza biologikoan laborari eta herritarrak biltzen dituen EHKOlektiboa, Hik Hasi eta Euskal Herria Kirola kolektiboa izan dira.

Eguerdian ekitaldi politikoa egin dute frontoian, independentziaren alde azaldu diren udalerrietako ordezkarien presentziarekin. Larrabetzukoez gain, Arrankudiaga, Bakaiku eta Dimako ordezkariak ere izan dira bertan, baita Kataluniatik etorritako Eudald Calvo (Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteko kidea) eta David Caldeira Areins de Mar-eko zinegotzia ere. Eurekin batera jezarri da, besteak beste, Udalbiltzako lehendakariorde den Jabi Ausmendi.

Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko ordezkariak egunaren leloa nabarmendu du. «Menpekotasunetik askatasunera salto egiteko ordua da» esan du, gaineratuz demokrazian, justizia sozialean, euskaraz eta aniztasunean eraikitako Euskal Herri bat independentziatik etorriko dela. «Zabal dezagun euskal estatu bat eraikitzeko prozesua» adierazi du.

Aipatu du «kimu berri bi» agertu direla Euskal Herrian, «indarra eta kemena» erakutsi dutenak, martxoaren 8ko mobilizazioa eta pentsiodunen protesta jendetsuak aipatuz. Esan duenez, bietan aldarrikapenak egi bihurtzeko irtenbidea Euskal estatu demokratiko eta soziala eraikitzea da.

Herriko gazteek feminismoaren aldeko ikuskizun bat eskaini dute eguerdiko ekitaldia ixteko. Bukaeran, ‘Gora Euskal Herri independente eta feminista’ dioen pankarta handi bat zabaldu dute. Herri bazkariak hartu dio lekukoa ekitaldiari, eta Josu Kamara eta Aiora Sedanoren ekitaldi antzeztu batek emango dio amaiera egunari.