NAIZ
DONOSTIA

Etxeratek XVII. Batzar Nazionala egingo du heldu den martxoaren 25ean Tolosan

Etxerat elkarteak XVII. Batzar Nazionala egingo du heldu den igandean, martxoaren 25ean Tolosako Leidor aretoan. Urteko balantzea eta aurrera begirako lanak izango dituzte aztergai.

Iaz Leioan egin zuen batzarra Etxeratek. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Iaz Leioan egin zuen batzarra Etxeratek. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Etxeraten XVII. Batzar Nazionala Tolosako Leidor aretoan izango da datorren igandean, elkarteak ohar batean jakinarazi duenez. Urteko balantzea egiteaz gain, aurrera begira egin beharreko lanen planifikazioa aurkeztuko dute.

Aurreko batzar guztiak bezala, euskal preso eta iheslari politikoekin ahaidetza edo adiskidetasun loturak dituen pertsona orori zuzendua dago bilkura. «Lotura horiek izategatik eskubideen ezabaketara eta zigor zein oinazeari lotuak diren pertsonei», hain zuzen ere.

Preso eta iheslarien senideen elkarteak nabarmendu duenez, EHUko Leioako campusean iaz egin zuen asanbladaren ondoren «gertakizun garrantzitsuak» izan dira. Hala, azken «urte honen balantzea oso mingarria» izan den arren, «badira gure itxaropena eta gure lanerako gogoa suspertzen dituzten zantzuak». Horien artean aipatzen du bai gizarte zibila zein erakundeak «gero eta inplikatuago» daudela; indar politiko eta sindikalak ere «gero eta inplikatuago» daudela; eta horrekin batera salbuespeneko espetxe politikaren ondorio larriei buruzko ezagutza eta kontzientziazio soziala «gero eta handiagoa» dela. Hori guztia jorratuko dute Tolosan egingo duten batzarrean.

Batzarra goizeko 10.00etan hasiko da. Etxeratek gonbita egin die hainbat eragile politiko eta soziali eta haiekin ere konpartituko du bere hausnarketa, oharrean dioenez.