NAIZ
GASTEIZ

Manifestazioa egingo dute etzi Gasteizen, Altsasuko gazteekin elkartasunez

Heldu den ostegunean, martxoak 22, Altsasuko gazteei eta beraien senideei elkartasuna adierazteko manifestazioa egingo dute Gasteizen.

Altsasuko gazteen aldeko martxa Iruñerrian barrena ibili zen joan den asteburuan. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Altsasuko gazteen aldeko martxa Iruñerrian barrena ibili zen joan den asteburuan. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Apirilaren 16tik 27ra Auzitegi Nazional espainolean epaituko dituzten gazte altsasuarrei elkartasuna adierazteko mobilizazioa egingo dute ostegunean, martxoak 22, Gasteizen.

Arratsaldeko 19.00etan abiatuko da manifestazioa, Andra Mari Zuritik.

Hainbat dira deialdiari babesa adierazi dioten eragileak, hala nola, Gasteizko Sortu, Ernai eta LAB, Gasteizkoak talde antimilitarista, Gasteiz Hardcore Crew, Olarizuko gazteak, Eleak Gasteiz, Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba, EH Bildu, Salhaketa-Araba, Judimendiko Gazte Asanblada, NEGEAK, Steilas, Zaramagako Gazte Asanblada edota Koldo Mitxelenako ikasle mugimendua.

Deitzaileek nabarmendu dutenez, 2016ko urriko gertakariak jazo zirenetik «Altsasuko herria egia eta justiziaren alde borrokatzen ari da, bere gazteen eskubideen alde».

Era berean, gogoratu dute gazte auziperatuek guztira 375 urteko espetxe zigor eskaerari egin behar izango diotela aurre. Hori salatzeko eta elkartasuna adierazteko egin dute manifestazioan parte hartzeko deia.

Egun bat beranduago, ostiralean, arlo desberdinetako eragileek deituta Bilbon egingo da manifestazioa (20.00etan, Eliptika plazatik).

Horrez gain, kasua salatu eta ezagutarazteko Nafarroan barrena bira egiten ari dira gazteen familiak –iragan larunbatean, esaterako, Iruñerritik ibili ziren– eta apirilaren 14an, epaiketaren atarian, manifestazio handia egin nahi dute Iruñean (17.30ean, Golem zinema aretoetatik).