NAIZ
BILBO

Bestelako hezkuntza eredu bat aldarrikatzeko mobilizazioak egin dituzte Ikasle Abertzaleek

Egungo hezkuntza ereduak «Euskal Herriko langile klasearen beharrei» erantzuten ez diela iritzita, eta ikastetxe desberdinetan egiten ari diren dinamikak bilduta, mobilizazioak egin ditu Ikasle Abertzaleak taldeak, ikasleak grebara deituta.

Ikasle Abertzaleen mobilizazioa, Donostian. (@IAbertzaleak)
Ikasle Abertzaleen mobilizazioa, Donostian. (@IAbertzaleak)

‘Hau ez da gure hezkuntza, indarrak batuz hezkuntza sistema gainditzera goaz!’ lemapean, greba eta mobilizazio eguna du gaur Ikasle Abertzaleak taldeak.

Bizkaian, Bilbo, Markina-Xemein eta Gernika-Lumon egin dituzte mobilizazioak. Araban, Laudio eta Gasteizen izan dira deialdiak. Gipuzkoaren kasuan, Beasain eta Donostian elkartu dira.

Azkenik, Nafarroan, Iruñean eta Lizarran izan dituzte hitzorduak ikasleek.

Hala Bedik jakinarazi duenez, Ertzaintzak hainbat gazte identifikatu ditu Gasteizen eta horietako bati, mugikorra atxikita, bertan zituen argazkiengatik Mozal Legea ezartzearekin ere mehatxu egin diote, iturri beraren arabera.

Horrez gain, Ikasle Abertzaleek salatu dute Polizia espainolak Sakanako bi autobus geratu dituela. Gazteak taldeka jaitsiarazi ostean, miatu eta identifikatu egin dituzte.

Kontrol horren ondorioz, 100 bat gazte sakandar Iruñeko mobilizaziora joan ezinik gelditu direla salatu dute.

Protesta egun hau deitu zutenean azpimarratu zutenez, egungo hezkuntza eredua ez dago «Euskal Herriko langile klasearen beharren» arabera eraikitakoa. Egun honekin, bide batez, ikastetxe desberdinetan garatzen ari diren dinamikak jarri nahi izan dituzte mahai gainean.

«Gure indar eta haserreak kalera atera eta gure gaitasun propioei gorazarre egiteko eguna izango da, ez gara aterako inolako gobernu, sailburu edo zuzendaritzari ezer eskatzera, gure indar, gaitasun eta antolakuntza propioz hezkuntza kapitalista suntsitzen ari garela erakustera baizik», nabarmendu zuten.

Era berean, ikasturte amaierako errebalidak gerturatzen ari direla aintzat hartuta, LOMCEri ezetz esateko eguna ere badela adierazi zuten.