naiz

Elkarretaratzeak egin dituzte Iruñean eta Arteagan azken egunetako lan istripuak salatzeko

Sei eguneko epean hiru langile zendu dira Euskal Herrian eta hauek salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte Arteagan eta Iruñean. Sindikatuek ikerketa «zorrotz» bat eskatu dute, «erantzunkizunak argitzeko» eta «lehentasun» gisa kokatu dute «neurriak hartzea» segurtasuna, osasuna eta langileen bizia bermatzeko.

Atzo Arteagan zendu zen langilearen heriotza salatzeko elkarretaratzea egin dute. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)
Atzo Arteagan zendu zen langilearen heriotza salatzeko elkarretaratzea egin dute. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Joan den ostiralean Lakuntzan eta Untzuen izan ziren bi lan heriotzak salatzeko elkarretaratze bat egin dute Iruñean, euskal gehiengo sindikalak deituta, Lan Departamentuaren aurrean. Nafarroako heriotz istripuez gain, Bizkaian, Arteagan, beste langle bat hil zen atzo eta Bildosola industriagunean elkarretaratzea egin dute, Germany S.A. mekanizazio enpresako delegatuek deituta.

Lau eguneko epean hiru hildako izan dira eta aurten, dagoeneko, 16 langile zendu dira lan istripuetan Euskal Herrian.

Iruñean egindako elkarrateratzean, ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE, HIRU eta CGT sindikatuak izan dira eta ikerketa «zorrotz» bat eskatu dute, istripu hauen «erantzunkizunak argitzeko». 'Lan istripu gehiagorik ez!, prekarietatea hiltzailea!’ irakur zitekeen pankarta baten atzean bildu dira.

«Istripu hauek ekidin zitezkeen, lan baldintza okerrekin zerikusi zuzena dute eta segurtasun neurrien faltarekin», adierazi dute ELA sindikatuko Andoni Larraldek eta LABeko Rosa Iriartek. Horregatik, «lehentasun» gisa kokatu dute istripu hauen aurrean «neurriak hartzea» segurtasuna, osasuna eta langileen bizia bermatzeko.