naiz
Zarautz

Izen garrantzitsu ugari aurreratu ditu Euskal Herriko Itzuliak

Itzuliaren aurkezpen ofiziala egin dute gaur Zarautzen eta bertan maillotak aurkeztu eta herri gipuzkoarreko irteeran egon daitezkeen txirrindularien zerrenda bat aurreratu du antolakuntzak. Tropel profesionaleko izen garrantzitsu ugari eta tartean Mikel Landa, Nairo Quintana, Romain Bardet, Michal Kwiatkowski, Richie Porte edo Rigoberto Uran.

Itzuliaren aurkezpen ofiziala egin dute Zarautzen. (@ehitzulia)
Itzuliaren aurkezpen ofiziala egin dute Zarautzen. (@ehitzulia)

Apirilaren 2tik 7ra lehiatuko den Itzuliaren aurkezpen ofiziala egin dute gaur Zarautzen. Bertatik irten eta amaituko da lehen etapa, egunero aukerak emango dituen ibilbide batekin. 22 talde egonen dira irteeran eta tartean, lehen aldiz, Murias izanen da.

Gaurkoan iragarri dute parte-hartuko duten txirrindularian aurre-zerrenda bat eta tropeleko izen garrantzitsu ugari agertzen dira bertan. Movistar taldeak Mikel Landa eta Nairo Quintana plazaratuko ditu, talde berean elkarrekin arituko diren estreineko aldia ahalbidetuz. Izagirre anaiak ere ez dira faltako, Paris-Niza bikaina sinatu eta gero. Ionek iaz hirugarren amaitu zuen. Haiekin batere, Bahrain-Merida taldean Milan-San Remo irabazi berri duen Vincenzo Nibali egonen dela iragarri dute.

Azken Tourrean Chris Froomekin batera podiumean egon ziren Rigoberto Uran eta Romain Bardet ere azaltzen dira zerrenda horretan. Skyk, bere aldetik, Michal Kwiatkowski eta iaz Etorkizunekoen Tourra irabazi zuen Egan Bernal kolonbiarra sartu ditu.

Sailkapen nagusiaren borrokan egon daitezkeen beste izen ugari ere eman dituzte ezagutzera. Besteak beste Richie Porte (BMC), Adam Yates (Mitchelton), nahiz eta atzo Kataluniako Volta utzi behar izan zuen, Julien Alaphilippe (Quick-Step), Ilnur Zakarin eta Simon Spilak (Katusha), Primoz Roglic (Lotto-Jumbo), Bauke Mollema (Trek), Rui Costa (UAE) edo oraindik hazteke baina etorkizunean asko entzungo diren Pavel Sivakov (Sky) Bjorg Lambrecht (Loto) eta Jhonnatan Narvaez (Quick-Step) gazteak ere.

Euskal herritar ugari ere aterako dira errepidera: Victor de la Parte (Movistar, Pello Bilbao eta Omar Fraile (Astana), Ibai Salas (Burgos BH), Julen Amezketa, Alex Aranburu, Jon Irisarri eta Jonathan Lastra (Caja Rural), Mikel Bizkarra, Gari Bravo, Julen Irizar eta Enrique Sanz (Murias), Mikel Nieve (Mitchelton), Igor Anton (Dimension Data) eta Markel Irizar (Trek).

Zerrenda hau, dena den, behin-behinekoa da, eta 10 egun hauetan aldaketa ugari eman daitezke.

Egunero izango da lehia eta borroka hori areagotu egingo dute helmugan emango diren sei, hiru eta segundu bateko denbora-sariak.