NAIZ
ZIZURKIL

Zazpi lagun ospitalean artatu dituzte, Zizurkilgo eraikin batean izandako sutearen ondorioz

Zazpi pertsona ospitalean artatu behar izan dituzte gaur goizean, zauri arinak zituztelako eta kea arnastu dutelako Zizurkilgo sei solairuko eraikin batean izandako sute batean. Eraikina hustu egin behar izan dute eta bi familia ezin izan dira oraindik etxera itzuli.

Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak Europa Press berri agentziari jakinarazi dionez, sutea goizaldeko 05.00ak aldera piztu da Zizurkilgo Ubare auzoan dagoen eraikin bateko lehen solairuan.

Sugarren ondorioz, eraikinaren sei pisuetako auzokideak beren etxeetatik atera behar izan dituzte. Bi orduren buruan, suhiltzaileek sutea amatatu dutenean, bizilagunak beren etxebizitzetara itzuli dira, bigarren solairuan bizi diren bi familia izan ezik, beren etxeak oso kaltetuta geratu baitira. Zizurkilgo Udalak ostatu eman die etxera itzuli arte.

Zazpi pertsona ospitalera

Zazpi bizilagun Donostia ospitalera eta Tolosako Asuncion klinikara eraman behar izan dituzte, batzuek zauri arinak zituztelako eta beste batzuk kea arnastu dutelako.