NAIZ
GASTEIZ

EAJk bi eserleku irabaziko lituzke eta Ciudadanosek bat lortuko luke, Soziometroaren arabera

Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeak orain egingo balira, EAJ gailenduko litzateke, orain baino bi eserleku gehiago lortuta (30). EH Bilduk, 18 legebiltzarkideei eutsita, bigarren indar izaten jarraituko luke eta Elkarrekin Podemosek ordezkari bat galduko luke (10), Lakuako Soziometroaren arabera. PPk bi eserleku galduko lituzke (7) eta Ciudadanos ganberan sartuko litzateke (1).

Iñigo Urkullu, Josu Erkoreka eta Arantxa Tapia, Gasteizko Legebiltzarrean. (Juanan RUIZ/FOKU)
Iñigo Urkullu, Josu Erkoreka eta Arantxa Tapia, Gasteizko Legebiltzarrean. (Juanan RUIZ/FOKU)

Lakuako Gobernuak Soziometroaren datuak aurkeztu ditu ostiral honetan, Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeak orain eginez gero boto aurreikuspena zein izango litzatekeen azaltzeko. Otsailaren 26tik martxoaren 5era egin zuten informazio bilketa, 1.973 pertsona elkarrizketatuta.

Soziometroaren arabera, jeltzaleek irabaziko lituzkete hauteskundeak, orain dituztenak baino bi eserleku gehiagorekin. 30 lortuko lituzkete.

EH Bilduk bigarren indarra izaten jarraituko luke, 18 legebiltzarkideei eutsita eta, aldiz, Elkarrekin Podemosek eserleku bat galduko luke, 10ekin geratuz. PSEk egun dituen ordezkariei eutsiko lieke (9) eta PPk 7 lortuko lituzke, orain baino bi gutxiago. Ciudadanos Parlamentuan sartuko litzateke legebiltzarkide batekin.

Herrialdeka, 2016ko bozekin alderatuta, Bizkaian eta Gipuzkoan ordezkari bana irabaziko luke EAJk, lehenengo kasuan 11tik 12ra pasatuz eta 9tik 10era bigarrenean. Araban zortzi legebiltzarkideei eutsiko lieke.

EH Bilduk ordezkaritza berdina aterako luke Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban, hau da, 5, 8 eta 5 eserleku, hurrenez hurren. Elkarrekin Podemosek bat galduko luke Bizkaian, hirurekin geldituz, eta Gipuzkoan eta Araban 3 eta 4 lortuko lituzkete berriro ere.

PSEk herrialde bakoitzeko hiru ordezkari lortuko lituzkete eta, aldiz, PPk Gipuzkoan eta Araban bana galduko luke (1 eta 4rekin geldituz, hurrenez hurren); Bizkaian 2 eserleku lortuko lituzkete beste behin.

Ciudadanos alderdiak Araban lortuko luke bere eserlekua.

Zuzeneko boto asmoari dagokionez, galdetutakoen %17,5ek EAJri emango lioke botoa; %9,7k EH Bildu aukeratuko luke; %8,7k Elkarrekin Podemos; %6,2k PSE, eta %3,8k PPri emango lioke botoa. Ciudadanosen alde galdetutakoen %3,8 agertuko litzateke.

Abstentzioari dagokionean, %28,4koa izango litzateke, eta inkesta egin dietenen %7,1ek botoa nori eman ez dakitela adierazi dute. %6,9k ez dio erantzun boto asmoari buruzko galderari.