Jon Ormazabal

Arrizabalaga-Etxaniz eta Urien-Bikario txapeldun txiki geratu den pilotaren katedralean

Egun borobil batean, 150 pilotazaleizan dira finalak ikustera sartu nahi eta ezinda geratu direnak.

Finalista guztiak podiumean (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Finalista guztiak podiumean (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Final nagusian emozio pixka bat gehiago, horixe falta izan du gaurko Emakume Master Cup txapelketaren finalen egunak bete-betekoa izateko. Apustu handia zen finalak Eibarkoa bezalako pilotaleku handi eta historiko batera eramatea, baina aurreikuspenak motz geratu dira eta 150 pilotazale inguru sartu ezinda geratu dira. Barruan egoteko zortea izan dutenek jaialdi bikainaz gozateko aukera izan dute.

Final nagusian, Olatz Arrizabalaga eta Leire Etxanizek espero baino errazago berritu dituzte txapelak, Patri Espinar eta Eneritz Arrietari 22-7 irabazita. Txapelketa antolatu den bi urteetan partidarik galdu gabe irabazi dituzte bizkaitarrek. Taktika betikoa izan da, partidari eutsi eta eutsi, ia alerik galdu ez eta euren jokoak zulorik erakusten ez duenez, aurkariak desesperatu. Saiatu dira Espinar eta Arrieta gorriei pausua aldatzen, baina ezinezkoa egin zaie. Berea duen moduan, gogoz eta grinez ekin dio Usansolokoak partidari, ahal zuen bakoitzean erasora pasaz, baina ez du beti asmatu eta eskuina ere izorratu zaio. Lehia orekatua izan da launakako berdinketara arte, baina hortik aurrera Arrietak behera egin du nabarmen eta urdinek 14-5ekoan postuak ere aldatu dituzten arren –Espinar atzelari jarri da–, ez dute deus egiterik izan gorrien sendotasunaren aurka.

Espero bezala, Promozio mailako finala oso orekatua suertatu da eta Ainhoa Urien-Amaia Vicariok 20-22 irabazi dute partida bete-betan. Partida osoan lau berdinketa izan badira ere, gehienean gorriak joan dira aurretik. 8-8koaren ostean, Urien Vicariok bost tantotako aldea ere hartu dute, baina Alaitz Badiola pilota gozatzen hasi da, jokoa atzean kargatzen asmatu dute eta 19-19 ere berdindu dute lehia azpeitiarrek. Hala ere, Abadiñokoak eta Antiguokoak ez dute amore eman eta garaipena eskuratu dute, azken tanto gogoangarri batean. Finalak ezer faltan izan ez zezan, azken tanto horretan polemikarako tarterik ere izan da, baina Urienek moztutako azken pilotakada ona izan da eta urdinentzat izan da garaipena.