NAIZ
TOLOSA

Etxerat: «Zailtasun guztien gainetik, aurrera jarraitzen dugu»

Batzar Nazionala zuela eta, azken urteak euskal presoen aferari dagokionez eman duenaren errepasoa egin du Etxeratek: gaixotasun larriak dituztenen kopurua igo egin da 22 izateraino eta zortzi hilabeteko epean hiru euskal preso politiko hil dira. Alta, bada esperantzarako arrazoirik ere.

Etxerateko kideak, Tolosan egin den Batzar Nazionalean. (FOKU)
Etxerateko kideak, Tolosan egin den Batzar Nazionalean. (FOKU)

Elkartearen XVII. Batzar Nazionala burutu du igande honetan Etxeratek Tolosan, non mezu garbi bat hedatu nahi izan duen: «Zailtasun guztien gainetik, aurrera darraigu». Gainera, nabarmendu du lehengo urtetik hona salbuespeneko espetxe politika eta urrunketarekin amaitzeko urrats «nabarmen eta esanguratsuak» eman direla.

Dena ez da, baina, positibo Etxeratek egiten duen balorazioan. Gobernu espainiarraren eta sektore inmobilisten jarrerak «beldurra» eragiten diela adierazi dute elkartetik: «Guk eta gure senide presoen presio eta sufrikarioak arintzeko egon daitekeen aukera oro neutralizatzeko egiten ari diren interbentzio eta esku-hartzeek beldurra ematen dute».

Igaro den urte honetan hamaika ezbehar izan dira errepideetan, gaixotasun larriak dituzten euskal presoen kopurua igo egin da 22 izateraino eta zortzi hilabeteko epean hiru euskal preso politiko hil dira, Etxeratek eman dituen datuen arabera.

Ipar Euskal Herritik datozen albisteek, baina, itxaropena sortzen du, baita Gasteizko Legebiltzarreko taldeak presoen aferan akordio bat ixtear direla jakiteak ere. Espetxe politikak sortzen dituen ondorioen ezagutza eta kontzientzia soziala «gero eta handiagoa» dela uste du Etxeratek, zeinak Foro Sozialaren jarduna nabarmendu duen.