naiz

ZAD Babestu Beharreko Gunea husten hasi da frantziar Polizia

Bretainiako Notre-Dame-des-Landesen okupatutako ZAD Babestu Beharreko Gunea hustu nahian dabil frantziar Polizia. Ekologistek hartutako zonaldean sartu da Polizia, Gobernuak agindua eman eta gero.

ZAD gunean ekologisten antolatu duten barrikedetako bat gainditu du Poliziak. (Loic VENANCE / AFP)
ZAD gunean ekologisten antolatu duten barrikedetako bat gainditu du Poliziak. (Loic VENANCE / AFP)

ZAD Babestu Beharreko Gunean sartu da frantziar Polizia gaur goizean. Bretainiako Notre-Dame-des-Landeseko zonalde hau aspaldi okupatu zute ekologistek, 70eko hamarkadan, eta ordutik ibili da Gobernua bertan aireportu bat egiteko asmoz.

Hala ere, Macronek aurten baieztatu zuenez, aireportua egiteko proiektuari uko egin dio Gobernuak. Ekologisten garaipen handi bat bezala hartu zen, baina aurreko hastean Macronen taldeak iragarri zuen zonaldearen husteari ekingo ziotela. 2.500 polizia agente eta segurtasun langile inguru bidaliko zituela ere zabaldu zuen.

Barne Ministeritzak zabaldu duenez, operazioa «behar bezain beste» luzatuko da.

Tentsio handiko uneak bizitzen ari dira eta ekologistek salatu dutenez, Poliziak gas negar eragilea erabili du. Aldiz, ekintzaileek, hainbat barrikada eraiki dituzte zonaldeko sarreretan.

Bertan zeuden hainbat kazetarik salatu dutenez, Poliziak gunetik atera egin ditu operazioarekin jarraitu aurretik.

ZADeko ekintzaileek adierazi dutenez, «onartezina da Estatuak jendea haien etxeetatik kanporatzea». Horren aurrean, babes dei bat egin dute. Era berean, prefekturarekin negoziazioetan ari zirela ere jakinarazi dute.

Ordu batzuetan egoera lasaitu den arren, 12:00ak aldera istiluak berpiztu dira. Txabola baten inguruan bildu dira ZADeko ekintzaileak eta aireportuaren aurka lan ugari egin duten militante historikoak. Orotara 150 pertsona inguru bildu dira, baina Poliziak kanporatu egin ditu.

NDDLko aeroportuaren egitasmoari aurre egiteko baina, era berean, egiturazko alternatibak irudikatzeko eratu zuten ZAD delakoa. Dinamika horren oihartzuna Euskal Herrian ezagutarazteko Aman Komunak ekimena sortu zen.