naiz

Osakidetzak emakume erdiberri eta haurdunak kontratatuko ditu

Osakidetzak emakume erdiberri eta haurdun daudenak kontratatuko dituztela iragarri du, Auzitegi Gorenak haurdun eta arrisku egoeran zegoen emakume bati Gizarte Segurantzan emandako altaren deuseztatzea legez kontrakoa zela ebatzi eta gero. ELA sindikatuak gizon eta emakumezkoen artean «benetako aukera berdintasuna bermatu dezala» eskatu dio Osakidetzari.

Orain dela hilabete Auzitegi Gorenak ebatzi zuen legez kontrakoa zela Gizarte Segurantzako Altxortegi Nagusiak haurdun eta arrisku egoeran zegoen emakume bati Gizarte Segurantzan emandako altaren deuseztatzea. Epai hori oinarritzat hartuta, Osakidetzak emakume erdiberri eta haurdun daudenak kontratatuko dituztela iragarri du.

Osakidetzak haurdun dauden eta umea izan berri duten emakumeak kontratatzeko baldintza jarri zuen, eta zuzendaritzak, orain arte, «ez duela inolako urratsik eman» salatu du ELA sindikatuak ohar baten bidez. «Jarduera hori, epaiak esaten duen bezala, baztertzailea da», gaineratu dute.

«Osakidetzak ez du berdintasun formala ez ezik benetako eta zinezko berdintasuna lortzeko borondaterik erakutsi», adierazi du. Sindikatuak adierazi duenearen arabera, Osakidetzan egindako barne diagnostikoa kontutan hartuta, soldata arrakala %25ekoa da. «Datu hau bereziki deigarria da kontutan hartzen badugu Osakidetzako langileen %80a emakumeak direla».

ELAk azpimarratu duenez, «%51eko edo gutxiagoko jardunaldia duten kontratuen %90a emakumeei egiten zaizkie, seme-alaben zaintzarako hartzen diren jardunaldi murrizketen %92,55a emakumeek hartzen dituzte, Osakidetzan lan egiten duten emakumeen %3,96ak bakarrik betetzen dituzte agintaritza lanpostuak, gizonezkoen %11,43aren aurrean, %19ak bakarrik betetzen du osasun-lizentzatuei dagozkien lanpostuak, gizonezkoen %45,12aren aurrean eta Osakidetzan lan egiten duten 10 emakumeetatik 4, behin-behinekoak dira, gizonezkoen %28,55aren aurrean».

Honen aurrean sindikatuak Osakidetzari eskatu dio «benetako aukera berdintasuna bermatu dezala» emakumeen eta gizonezkoen artean.