Ariane KAMIO
DONOSTIA

Hari bat unibertsoan

Joseba Sarrionandiaren obra literarioaren gainean idazle iurretarraren unibertsoa harilkatuko duen film kolektiboan lanean ari dira Euskal Herriko eta atzerriko hamabi zuzendari. Adabaki ekoiztetxearen aterpean, «Gure oroitzapenak» ikus-entzunezkoa hiru hamarkada baino gehiagoko deserria bizi duen euskal idazlearen iruditerian murgilduko da, Joseba Sarrionandiak pertsona, idazle eta pertsonaia gisa sortutako mundu literarioan barna.

«Hariak. Gurasoen hariak, halabeharraren hariak, norbere gorputzaren hariak, lagun minen hariak, behaztopatzeko modu luzeak, hariak. Lotzen zaituzten hariak, maitasun luzeak bezalako hariak. Titerearen modukoak, batzuetan atezuan, besteetan lasaieran, edo korapilatzen. Eta horrela bizi, hariekin, hariak egokitzen, hariei kasu egiten, harien kontra tiraka, haien gatibu. Eman dezagun berrogei urtez horrela... eta bat-batean ohartu ezetz, eguzkiaren edo ilargiaren errainuak bezalakoak direla, eta ez zaituztela lotzen, azkenean, ez duzula haririk». (Joseba Sarrionandia).

Hogeita hamahiru urte joango dira uztailean, San Fermin egunez, Joseba Sarrionandiak eta Iñaki Pikabeak Martuteneko espetxetik ihes egin zutenetik. Imanol Larzabalen kontzertu baten ondoren bafleetan aurkitu zuten ihesbidea bi preso politikoek. Geroztik, erbestearen ainubea bizi izan du idazle iurretarrak, mundutik igorritako literatur lanak herrira igorriz. 2016ko azaroan bere bizilekua publiko egin zuen Sarrionandiak, Etxepare Euskal Institutuak Habanako unibertsitateko irakurle izendatu ondoren. 31 urtetan lehenengoz agertu zuen bere aurpegia, lau hedabideetan argitaratutako elkarrizketa eta argazki gaurkotuetan.

Hiru hamarkadatan, baina, literatur emaile oparoa izan da Sarrionandia, beti txalotua, askotan saritua. Bidean, euskal herritarrengan mito izaera eskuratu izan du, berea propioa egin duen unibertso baten eraikuntzaren ondotik. Eta unibertso hori aberastu egin izan dute Euskal Herriko hainbat sortzailek, bakoitzari dagokion diziplinara eramanez Sarrionandiak sortutako ipuin eta poemak. Izan daiteke zineman Asier Altunaren kasua “Topeka” film laburrarekin, edo musikan Ruper Ordorika eta Mikel Laboarena –130 kantu baino gehiago sortu dira azken urteetan bere sorkuntzetatik abiatuta–, edo arte eszenikoetan Kukai dantza konpainiak eta Tanttaka teatroak elkarrekin egindakoa –“Hnuy illa...” (2008)–.

Bakarkakoak izan dira oraintsu arte Sarrionandiaren unibertsora egindako sartu-irtenak, puntualak, sorkuntza zehatz batean oinarria izan dutenak. Eta azkenen artean, iaz Iurretan estreinatu zen “Joseba Sarrionandia. Han eta hemen” (Peru Magdalena eta Pello Salaberria) dokumentala, idazlearen beraren ahotsaz lagundutako kontakizun literario eta pertsonala.

Joseba Sarrionandia luzaro irudirik gabeko poeta izan da. Izoztutako sortzailea, hogeita hamar urtez zuri-beltzeko argazki bakarra. Akordua ez besterik. “Gure oroitzapenak” film kolektiboa Sarrionandia bera pantaila handira eramateko bokazioz ari da lanean. Ez zuri-beltzeko argazki harekin, ezta ere 2016an komunikabideetan argitaratutako irudiarekin. Idazlea eta obra batera doazen heinean, bere ipuin eta poemak zinemara eramango ditu Adabaki ekoiztetxearen aterpean gauzatzen ari den proiektuak.

«‘Gure oroitzapenak’ egiteko ideia Kubatik bertatik dator, bertan bizi den Matxitxarengandik. Kulturan eta, bereziki, musikan aski ezaguna da urteetan hainbat taldetako managerra izan zelako. Matxitxak ekarri zuen ideia Euskal Herrira, hainbat errealizadorerekin bildu zen eta proposatu zien Sarriren literaturatik abiatuta, unibertso literario aberatsa film batean jasotzea. Zuzendariak gogotsu agertu ziren eta Adabakin hartu genuen filma ekoizteko eta aurrera eramateko ardura». Lutxo Egia ekoizlearen hitzak dira, proiektuaren hastapenei buruzko lehen zertzeladak emanez. Berarekin batera da Hibai Castro, Adabakiko kidea eta, beraz, filmeko ekoizlea berau ere.

Idazlea, pertsona

Proiektuaren corpusa Euskal Herriko zein atzerriko hamabi zinemagileren lanek osatzen dute; zuzendari bakoitzaren film labur banak osatuko du “Gure oroitzapenak” filma. Guztiek dute batetik edo bestetik, harremana Sarrionandiarekin. «Sarriren orbitako zuzendariak dira, berarekin harreman zuzena dutenak, miresmena diotenak, elkarrekin lan egin izan dutenak», aipatu du Egiak. Honatx zerrenda: Oskar Alegria (Iruñea), Özcan Alper (Hopa, Turkia), Asier Altuna (Bergara), Mireia Gabilondo (Bergara), Eugene Green (Paris), Itziar Leemans (Donibane Lohizune), Josu Martinez (Bilbo), Fermin Muguruza (Irun), Ane Muñoz (Hondarribia), Maider Oleaga (Bilbo), Carlos Quintela (Habana) eta Maialen Sarasua (Orio).

Proiektua work in progress fasean dago eta zinemagile bakoitza pieza bat sortzen ari da, Joseba Sarrionandiaren corpus literarioan murgil egin eta itsaso sakon bezain zabal horren puzzle bat osatu nahian dabiltza. Hartara, idazle iurretarraren iruditeria poetiko eta literarioa zinema lan luze batean bilduko da lehenengoz. «Hasierako ideia da agertzea Sarriren mundu bat edo Sarriren unibertso bat. Hau film kolektibo bat da, film luze bat, hamabi pieza dituena, baina helburua da murgiltzea unibertso horretan eta hura islatzea Sarriren literaturatik abiatuta», gaineratu du Egiak.

Sarri idazlea, Sarri pertsona, Sarri pertsonaia. Zinemagile guztien helburua da bere unibertso literariora hurbiltzea, nork bere modutik, batzuetan sorkuntza jakin batera atxikirik, besteetan askeago. «Aldeak egongo dira gaiaren edo estiloaren aldetik, baina denak bultzatzen du batasun batera».

Joseba Sarrionandiaren obran, ordea, eremu lausoan ageri dira idazlea eta pertsonaia eta «ziurrenik hor dago erronka». «Sarriren literaturan askotan eremu lauso batean sartzen zara, non Sarriren pertsona ere ager daitekeen. Horretarako interesgarria izango da filma dagoenean emaitza kolektibo hori ikustea, batasun hori antzematea».

Hibai Castrok filmaren edukietan sakondu du gehiago. «Egongo dira epokako filmak, garaikideak ere, egongo da animazioa, egongo dira poesiari lotuagoko lanak, beste batzuk musikalagoak. Estilo aniztasun hori izango da ere unibertso horren aniztasunaren adierazle».

Osatze fasean

“Gure oroitzapenak” film luze kolektiboa work in progress fasean dago oraindik, hau da, egiten ari dira. Toki eta aldi desberdinak erakutsiko ditu. Kurdistango Diyarbakir-etik laurogeiko hamarkadako Bilbora joango da; Parisko kale kantoietatik eta Gare du Nord tren geltokitik Dunkerqueko hondartzetara; Lisboako giro epeletik paisaia elurtuetara; Lehen Mundu Gerran Baigorri ingurutik Habanako arte modernoko galeria batera. «Gehiena filmatuta dago, baina geratzen dira oraindik grabatzeko gauza batzuk. Prozesu orokorra guk koordinatu dugu eta filmaketa gehienetan parte hartu dugu. Hamabi zinemagile izanda hamabi kasu desberdin egon dira», egin du zertzelada Castrok.

Hasieratik proiektu ezohikoa izan dela nabarmendu du. «Ezohikoa da egiteko moduan, ezohikoa da zuzendarien inplikazio mailan, ezohikoa da aurkeztuko dugun azken emaitza ere». Zuzendariak askatasunez ari dira lanean eta ezagutzen duten jendea izan dute bidean lagun. «Lan egiteko beste modu bat da, bakoitza bere inguruko jendearekin. Ez dugu eratu talde tekniko bakar bat film osoa grabatzeko. Nahi izan dugu zinemagileak gustura eta eroso egoteko bakoitzak bere taldearekin lan egitea. Munta handiko lana da, hamabi talde eta zinemagile koordinatu behar diren heinean, beraz, prozesua ez da uniformea izan».

Nagusiki euskaraz izango den film horrek kurduerazko pieza bat ere izango du, beste bat portugesez, eta azken bat kubatarrez ere –«haiek kubatarrez egingo dutela diote»–. Ondo bidean, estreinaldia irailerako aurreikusten dute Egiak eta Castrok. Bitarte horretan, hainbat bidelagun aurkitu dituzte. Ekoizpenean Elkar, Zenbat Gara eta Gastibeltza batu zaizkie proiektura eta Lakuako Gobernuaren eta Iurretako Udalaren diru laguntza jaso dute. Dagoeneko abian da filmaren webgunea Adabaki.eus helbidean.