NAIZ
GASTEIZ

EAEko erakundeek hitzarmena sinatu dute etxegabeen kopurua murrizteko

EAEko udalerri handietan kalean lo egiten duten pertsona kopurua gutxienez %20 murrizteko akordioa sinatu dute Lakuako Gobernuak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Eudelek eta Bilbo, Gasteiz, Donostia, Barakaldo, Getxo, Portugalete, Irun, Santurtzi eta Laudioko udalek.

Etxerik gabeko pertsona bat, Gasteizen. (Juanan RUIZ/FOKU)
Etxerik gabeko pertsona bat, Gasteizen. (Juanan RUIZ/FOKU)

Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eta Jon Darpón Osasun Sailburuak; Teresa Laespada, Bizkaiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko foru diputatuak, Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politiketako foru diputatuak eta Miren Saratxaga Arabako Aldundiko Gizarte Zerbitzuen Zuzendariak; Imanol Landa Getxoko alkate eta Eudeleko zuzendariak eta Donostia, Bilbo, Gasteiz, Barakaldo, Portugalete, Irun, Santurtzi eta Laudioko alkateek sinatu dute 2018-2021erako Etxegabeen Euskal Estrategia garatzeko akordioa.

Horren arabera, udalerrietan lo egiten duten pertsona kopurua gutxienez %20 murriztu nahi dute 2020. urterako, pertsona horiei laguntza emateko politika integralak garatuz.

Estrategia garatu aurretik, etxegabeen ezaugarriak eta beharrak aztertu dituzte, EAEn ezarritako arreta-sistemaren indarguneak eta ahuluneak, eta, halaber, inguruko herrialdeetan «bizitoki-bazterketaren aurrean esku hartzeko ereduak hartu dira kontuan».

Artolazabalek azaldu duenez, EAEk, guztira, 47,5 milioi euro bideratzen ditu urtean etxegabeei arreta ematera; horietatik, 40,2 milioi diru-kutxa publikoetatik. «Ez gara autokonplazienteak eta, estrategia hau antolatzeko, gure eredua aztertu dugu eta, horretarako, ahulune nagusiak eta hobekuntza-eremuak nabarmendu ditugu. Funtsean gizarte-zerbitzuetan oinarritzen den eredua dugu. Prebentzio-arloko esku-hartzeen garapen urria dugu», aitortu du.

Akordio honen arabera, erakunde sinatzaile bakoitzak hamabi hilabeteko epea izango du bere plana diseinatzeko, estrategian adostutako jarduera zehatzekin. 

Helburu nagusiak hauek dira: etxebabetasuna prebenitzeko politikak sendotzea; etxegabeentzako egungo arreta-eredua berrorientatzea; EAEko Gizarte Zerbitzuen Maparen zabalkundearekin amaitzea eta, horretarako, lurraldeetan baliabideen banaketa egokia egiten dela bermatzea, eta, bereziki, gizarte-bazterketarako egoeran edo arriskuan dauden pertsonentzako lehen mailako arretarako gizarte-zerbitzuak sendotzea; etxegabeek, osasun alorrean, diru-sarrerak bermatzeko eremuan eta lan-aktibazioaren eremuan dituzten eskubideetara jotzen dutela bermatzea; eta premia bereziak dituzten etxegabeei ematen zaien arreta hobetzea eta, zehazki, bizitegi-bazterketa larrian dauden emakumeei ematen zaiena.

Horretarako, 50 jarduera zehatz proposatzen dira, bederatzi ekintza-ardatzen inguruan.