NAIZ
DONOSTIA

Euskal Memoriaren ibilbidea sarituko du Elkar Fundazioak

Elkar Fundazioak Ibilbideari saria emango dio Euskal Memoria Fundazioari, «egiten ari den lanagatik, eta jarraipen luzea izan dezan esperantzarekin». Ibilbideari Elkar saria eta Joseba Jaka beka emateko ekitaldia etzi izango da, ostegunez, 19.00etan, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean.

Elkar Fundazioak Euskal Memoria saritzea erabaki du aurten, egiten duen lana ere «herri honentzat ezinbesteko ekarpena» dela baloratzen duelako. «Euskal Memoria Fundazioaren aurkezpenean irakur daiteke oroimena bildu eta zabaltzeko sortu zela, ‘geure historia guk geuk kontatzeko asmoz’, diote hitzez-hitz. Memoria historikoa errekuperatu eta ondorengoen eskura jarri nahi dute Euskal Herritik bertatik, bertakoen bidez landuta», azaldu dute Elkarretik.

Bi balio ikusten ditu hor Elkar Fundazioak, bere egiten dituenak eta «oso garrantzitsutzat» jotzen dituenak. Batetik, «gure buruaren jabe izateko ahalegina» nabarmendu du Elkarrek, «garrantzitsua baiteritzogu Euskal Herrian gai izatea zer izan nahi dugun erabakitzeaz gain, zer izan garen eta zer gertatu den irakurri, ulertu eta zabaltzeko gai izatea».

«Bestetik, transmisioa, herri honen historia eta kultura guk geuk zabaldu behar dugu ondorengoen artean, eta bide horretan garrantzi handikoa da Euskal Memoria Fundazioaren ekarpena. Eta ez da asmo soila, hartutako konpromisoari eutsiz, urtero liburu bat argitaratzen dute eta bi aldizkari, egindako lana gizarteratzeko helburuarekin», azaldu dute.