naiz
galdakao

Presoak etxera ekartzeko garaia dela aldarrikatu du Kalera Kalerak

Preso politikoen nazioarteko egunaren harira, ekitaldia burutu du Kalera Kalerak Galdakaon. Urtebete igaro da ETA armagabetu egin zenetik eta denbora honetan Parisen eta Bilbon egin diren mobilziazio handiak ekarri dituzte gogora. «Bada garaia presoen gaia bideratzeko» errepikatu dute gaurkoan ere.

Oihana Garmendiak hitza hartu du Galdakaoko agerraldian. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Oihana Garmendiak hitza hartu du Galdakaoko agerraldian. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Oihana Garmendia eta Ainhoa Etxaidek hartu dute hitza, baina aurretik agur dantza baten bitartez azken urtean zendutako Kepa del Hoyo, Belen Gonzalez eta Xabier Rey euskal preso politikoak ekarri nahi izan dituzte gogora. Guztira 29 euskal preso politiko hil dira espetxean.

Garmendiak gogora ekarri du 2017ko udan EPPK-k bukatutzat eman zuela aurreko hilabeteetan zehar egindako eztabaida. «Ordura arteko erresistentzia fasean eta balizko negoziazio baten zain egon beharrean, kalera begira jarri eta euskal herritarrekin batera kartzeletako ateak zabaltzen joateko prozesuari heldu diote», nabarmendu du. Honen bitartez, «gatazkaren erresoluziorako eskema berria elikatzea» eta «prozesu independentistari ekarpena egitea» helburu dutela azpimarratu du.

«Argi daukagu preso eta iheslarien kaleratzea ez dela etorriko bide juridikotik; bide juridikoa ez da helburua, baizik eta abiapuntua, lanabes bat. Presoek legedi arrunta erabiltzeak Euskal Herriko eragile politiko, instituzional eta sozialen artean elkarlana eta bide orri adostua erdiesteko balio du», azaldu du. Eta ibilbide hau eragile guztien «ardura» dela gehitu du.

Bide horretan kokatu ditu Euskal Herrira gerturatzeko hainbat presok egin dituzten eskaerak. «Erabaki kolektiboetan oinarritzen den jarduera indibidualizatua», adierazi du. Ildo beretik, asteburuko baimenen bat. Aldiz, lehen gradua uzteko eskariek ezezkoak baino ez dituzte jaso. Eta gaur egun euskal preso politikoen %95a dago lehen gradu horretan.

«Sekula hustu ez dituzten espetxeak preso politiko berriekin betetzen jarraitzen du Estatuak»

Etxaidek, aldiz, keinu bat izan du Kataluniako preso politikoekin eta «arduraz» begiratzen duela nabarmendu du, «Euskal Herriak eskarmentu gehiegi duelako estatuaren errepresioaren aurrean». «Sekula hustu ez dituzten espetxeak preso politiko berriekin betetzen jarraitzen du Estatuak. Baina eskarmentuak erakutsitakoaz ikasgaiak atera ditugula begiratzen diogu momentuari ere», gehitu du.

Honen esanetan, «Estatuak du kartzeletako ateak irekitzeko giltza», baina «gure esku dago espetxe politikan erabaki berriak hartzera behartzeko borroka indartzeko aukera». Estatu frantsesean egindako bideak «herria mobilizatuz estatua mugitzen dela» erakutsi duela aipatu du.

Eta mobilziatzeko indar hori galdua ez dagoela adierazi du. Horren eredu seinalatu du larunbatean Iruñeko kaleak bete zituen Altsasuko gazteen aldeko justizia aldarrikatu zuen manifestazio erraldoia.

Mobilizazioa larunbatean, Bilbon

Euskal presoen izaera politikoa aldarrikatu nahi izan dute ere, «gatazka politiko eta armatu baten ondorio zuzena direlako». «Aurrera egiteko arazo bat atzera begira egotea bada ez gaituzte egin eta irabazi dugun borroka batean sartuko berriro. Eztabaida ez da politikoak diren edo ez, eztabaida da nola ateratzen ditugun behingoz kalera», adierazi du Etxaidek.

«Euskal Herrian beste fase batera igarotzeko ezinbestekoa dugu preso politikoak kaleratzea eta iheslariak herriratzea». Bide horretan larunbat honetan 17:30ean Bilboko La Casillatik  abiatuko den manifestazio nazionalean parte hartzera gonbidatu dute gizartea.