Erraustegiaren aurkako elkarretaratzeak egin dituzte Gipuzkoako anbulategietan

Erraustegiaren aurkako elkarretaratzeak egin dituzte gaur Gipuzkoako 18 herritan. Gogora ekarri dute «12 sustantzia toxiko oso larri mugagabe eta kontrolik gabe isurtzea» baimendua dutela Zubietako erraustegian. «Gipuzkoarroi hau izkutatzea oso larria iruditzen zaigu».

naiz|2018/04/18 19:55
Usurbil
Eguerdian Usurbilen erraustegiaren aurka egin duten elkarretaratzea. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Andoain, Arrasate, Astigarraga, Bergara, Donostia, Hernani, Irura, Lasarte, Legazpia, Mutriku, Oiartzun, Pasaia, Orereta, Tolosa, Usurbil, Villabona, Zarautz eta Zumaiako anbulategietan erraustegiaren aurkako elkarretaratzeak egin dituzte. Usurbilen eguerdian bildu dira, gainontzeko herrietan, aldiz, arratsaldez.

Elkarretaratzeak egin dituzte «Azken aldian erraustegien inguruan argitaratu diren albisteak kezka areagotu besterik ez dute egin gizartean». Zentzu horretan, gogora ekarri dute Anbereseko erraustegiaren leherketa eta AEBetan eta Sardinian kiskali zirenak ere. «Hauek denak erraustegien ondoan bizitzearen arriskuak agerian utzi zituzten

», gaineratu dute.

Era berean, CSIC-eko ikerlariek Zubietako erraustegiaren ingurumen baimenaren azterketa izan dute hizpide eta «12 sustantzia toxiko oso larri mugagabe eta kontrolik gabe isurtzea» baimendua dutela. «Gipuzkoarroi hau izkutatzea oso larria iruditzen zaigu».

Egoera honen aurrean, Zubietako obren «berealako geldialdia» eta frogatuak dauden «alternatiba merke eta osasuntsuen ezarketa» aldarrikatu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. «Exijitzen dugu gure osasuna bermatzea eta prebentzio printzipioa ezarri dadila, hala nola, eztabaida publiko eta tekniko bat Eitb-n, ondoren gizarteak erabaki dezan proiektu polemiko honen egokitasunaz», adierazi dute.