NAIZ
DONOSTIA

San Telmo Museoak eta Donostiako Udalak JoxAnton Artze omenduko dute apirilaren 24an

Donostiako Udalak eta San Telmo museoak JoxAnton Artze omentzeko ekitaldia egingo dute apirilaren 24an. Musika, dantza, ikus-entzunezkoak eta poesia uztartuko ditu, egilearen unibertsoa gogoratzeko. Gainera, usurbildarraren ‘IKIMILIKILIKLIK’ instalazioa berriro ikusgai da museoko Laborategian, maiatzaren 20ra arte.

Artzeri egingo dioten omenaldiaren aurkezpena. (DONOSTIA KULTURA)
Artzeri egingo dioten omenaldiaren aurkezpena. (DONOSTIA KULTURA)

JoxAnton Artzeri omenaldia egingo diote Donostiako Udalak eta San Telmo museoak apirilaren 24an, bere unibertsoa gogora ekarriko duen ekitaldi batean. Musika, dantza, ikus-entzunezko proiekzioak eta poesia uztartuko ditu eta parte-hartzaile ugari izango ditu ordubete inguru iraungo duen ikuskizunak.

Ramon Agirre eta Miren Aranburu errezitatzaileak; Malandain Ballet Biarritzeko dantzariak; Maddi Oihenart, Mixel Arotze, Mixel Etxekopar, Beñat Axiary, Julen Axiary, Pedro Soler, Ainhoa Zubillaga, Loreto Fdez. Imaz eta Sorkunde Idigoras musikariak; Ensemble Vocal Donostia; Zuaznabar txalapartariak eta Morgancrea proiekzioak izango dira, besteak beste, Alberto Lizarralde, Asun Lasarte eta Carlos Rodriguezen zuzendaritzapean.

Ekitaldira joateko gonbidapena eskuratu behar da, apirilaren 19tik aurrera, museoko leihatilan, goizeko 10.00etatik aurrera. Dohainik banatuko dira gonbidapenak, pertsona bakoitzeko bi.

Horrekin batera, San Telmoko Laborategian berriro ikusgai dago ‘IKIMILIKILIKLIK. JA Artzeren Unibertsoa’ ikus-entzunezko instalazioa. EHUko Laboa Katedrarekin batera 2015ean aurkeztu zen eta sortzaile usurbildarrak 40 urte baino gehiagotan garatu zuen lan poetikoan zehar egiten den bidaia jasotzen du.

Urtarrilaren 12an Artze zendu ondoren eta Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat lekutan ikusgai izan ostean, berreskuratu nahi izan du museoak, apirilaren 24an burutuko den ekitaldiarekin batera, sortzailea omentzeko.

Ikus-entzunezko hau ikusteko ere sarrera doakoa izango da.