Urruntze politikaren amaiera eskatu du Arabako gehiengo politiko eta sindikalak

PPk ez beste alderdi guztiek espetxe politika berri baten eta urruntzearen amaieraren eskaerarekin bat egin dute Arabako Batzar Nagusietan. Adostasun zabal horrek arlo sindikalean ere izan du isla, ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Hiru eta Etxaldek ere babesa adierazi dutelako.

NAIZ|GASTEIZ|2018/04/18 13:01|0 iruzkin
Foro-soziala-gasteiz
Foro Sozialaren ordezkaritza bat presente egon da Arabako Batzar Nagusietan. (@ForoSoziala)

Foro Sozialak sustatutako mozio baten harira, espetxe politika izan dute eztabaidagai Arabako Batzar Nagusietan. PPk salbu, bertan ordezkaritza daukaten alderdi guztiek bat egin dute «errotze sozial eta familiarretik urrun betetzea saihestuko duen eta senideekin harremanak erraztuko dituen» espetxe politika berri baten eskaerarekin.

EH Bilduren izenean, Lorena Lopez de Lacallek «mendeku politikarekin» amaitzearen beharra nabarmendu du, besteak beste, euskal presoen kolektiboari aplikatzen zaion «salbuespeneko politika nazioarteko legediarekin bat ez datorrelako».

Batzarkide abertzaleak gogoratu du egun 285 preso daudela, horietako 278 Euskal Herritik kanpo dauden espetxeetan eta 23k gaixotasun larriak dituztela.

Bakea eraikitzeko pausuak eman beharra dagoela defendatu du, eta gaineratu urrats horiek «ezin direlak mendekuan oinarritu».

Sindikatuen babes zabala

Maila politikoan izan den adostasun zabal hori ere sindikatuen eremuan islatu da. Foro Sozialak berak jakinarazi duenez, espetxe politika berri baten aldeko aldarriarekin bat egin dute ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Hiru eta Etxalde sindikatuek.

Helburu hori lortzeko, alderdi, erakunde eta bestelako eragileekin elkarrizketaren bidea urratzen jarraitzeko konpromisoa ere adierazi dute.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK