@arianekamio
Donostia
Elkarrizketa
Kirmen Uribe
Idazlea

«Sormenaren hasiera da entzuten jakitea»

Irailetik aurrera New Yorkeko Liburutegi Publikoan lanean arituko da Kirmen Uribe idazle ondarroarra. Cullman Center sormen beka eskuratuta, bederatzi hilabeteko egonaldia egingo du han. Badu buruan nobela bat eta hura egituratzeko asmotan abiatuko da AEBetara. Fikziora jauzi egin nahi du.

Kirmen Uribe. (Jon URBE/FOKU)
Kirmen Uribe. (Jon URBE/FOKU)

Asteartea da. Eguzkiak goxotasunez eman dio ongietorria Donostian Kirmen Uriberi. Gerizpea bilatu nahi du elkarrizketarako. Badu zerbait kontatzeko.

Hasiko naiz?

Bai, mesedez. Zer duzu esku artean?
New Yorkeko liburutegi publikoan, Bosgarren Abenidan dagoen horretan, dago Cullman Center deitzen den atal bat eta horretan urtero ematen dituzte edo ikerketa edo sormen bekak. Sormen bekak dira bost. Hiru nobela eta bi poesia. Aurkeztu egin nintzen proiektu batekin.

Beraiek garrantzia ematen diote proiektua izatea bertan garatzeko, bertako fondoekin. Egin dezakezu fikzioa, eh! Garrantzia ematen diote liburutegia ezagutzeari, liburutegiko sagu izateari eta gero hortik zerbait sortzen bada, primeran. Ez da gero ezer aurkeztu behar. Soilik egon egin behar duzu han, liburutegian. Eta da ikasturte osorako.

Prestigio handikoa da. Iaz Lorrie Moore nobelagileak jaso zuen, Colum McCannek ere jaso du. Batez ere AEBetako jendea aurkezten da baina nazioartekoa ere bai. Aurten poesian irlandar bati eman diotela uste dut eta nobelan euskaldun bati. Besteak uste dut estatubatuarrak direla.

Zu zara sari hori lortzen lehen euskalduna, beraz?
Uste dut baietz, hala naizela.

Niretzat garrantzitsua zen New Yorkera joatea. Literatura global edo munduko literaturaren hiriburua New York da eta handik mugitzen dira gauza asko. Aukera ematen dit giro hartan sartzeko. Bestalde, New Yorkek nire imaginarioan ere gauza asko esaten ditu. Txiki-txikia nintzenetik anaiek-eta Velvet Underground entzuten zuten eta gero hasi nintzen AEBetako literatura irakurtzen. Beti nahi izan dut han egon. Eta idazten baldin bada, are hobeto.

Eta Velvet aipatu dudala, Lou Reeden ondarea han dago, New Yorkeko Liburutegi Publikoan, Bosgarren Abenidako egoitzan.

Zein proiektu daukazu buruan?
Egitasmoa pixka bat bideratu nahi nuen desberdintasunaren ideiatik. Niri iruditzen zait emakume feministen semea naizela. 70eko hamarkadako emakume feministen semea eta konturatzen naiz gure haurtzaroan eragin handia izan zuela horrek. Emakume horiek. Eta beraien lagunak zirela pixka bat desberdinatasuna aldarrikatzen zutenak, izan zitezkeen gay-ak, lesbianak… Edo gizartea ikusteko, bizitzeko, beste era batzuk planteatzen zituztenak. Hori txikitatik jaso izan dut. Egitasmoa hortik doa, desberdintasunaren historia bat egitea eta esatea nola gaur egun oso onartuak dauden gauza batzuk garai batean oso borroka latzak izan ziren eta oso zaila zela garai batean desberdina izatea gure gizartean. Hortik jo nahi dut.

Zure aurreko lanekin antzekotasunik izango du?
Ez da izango aurreko nobelak bezala. Hau da nire intuizioa, intuiziotik sortzen dira lanak. Ez nuke nahi lan bat egin benetako pertsonetan oinarritua. ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’rekin egin nuen, ‘Mussche’rekin ere bai, eta kito. Uste dut etapa hori amaitu dela. Bazegoen gogo bat halako nobelak egitekoa, eta badago gogo bat egiten jarraitzekoa, hemen eta kanpoan, baina nik sortzaile bezala jauzi bat eman nahi dut eta fikziora egin jauzia. Probatu behintzat.

Nire literaturan beti aldarrikatzen dut askatasuna, aske izatea. Uste dut idazleak, eskultoreak edo zinegileak aske izan behar duela. Ezagutu behar duela tradizioa baina era berean apurtu egin behar duela tradizio hori. Badago Gainsborough deitzen den pintore ingeles bat eta bere aurreko koadroetan urdina beti agertzen da atzean, zerua da edo itsasoa da. Eta honek egin zuen mutiko bat urdinez jantzita, koadroaren aurre-aurrean jarri zuen. Lege bat hautsi zuen baina era berean bideak zabaldu zizkien atzetik etorri ziren beste margolariei.

Nik apurketa horretan sinetsi egiten dut. Ez dut ikusten literatura aurrekoen ereduan jarraitzea bezala. Uste dut sortzaileak beti jarraitu behar diola intuizioari, bilaketari eta egin ez duen hori egin, edo egiten saiatu behintzat. Libertadearekin jokatu. Bestela literaturak ez du aurrera egiten. Pilotan ere bi pilotari daude, atzelaria eta aurrelaria. Atzelariak normalean ez du arriskatzen. Eta aurrelariak bai. Ni izango nintzateke, pilotaria banintz, aurrelaria. Eta arriskatu egingo nuke tantoan, nahiz eta gero tantoa galdu. Artea, sormena, literatura… horrela ikusten ditut.

Bekaren epea amaituta ez duzu proiekturik aurkezteko obligaziorik. Horrek ere askatasuna emango dizu...
Ez da ezer aurkeztu behar, ez da ezer publikatu behar. Euskaraz egin dezakezu. Ez da egin behar ingelesez edo gaztelaniaz. Egin dezakezu nahi duzun hizkuntzan eta ez da aurkeztu behar nobela bat. Beraiek uste dute esperientziak berak balio duela bakarrik. Ematea aukera idazle bati liburutegira joan, hango fondoa irakurtzen ibili… Zuk nahi duzuna. Imaginatu, Erdi Aroko liburuak edo Lou Reeden ondarea. Egun batean bat, bestean bestea. Azkenean da paradisuan egotea bezala. Borgesek esaten zuen paradisua hori dela, liburutegi bat. Oasi horretan egonda, beraiek uste dute lan onak gero aterako direla, baina ez dute izaera itxi hori. Librea da erabat.

Hori bai, ez dituzte beka asko ematen eta zaila da lortzea. Baina ematen dituztenean erabat libre zara nahi duzuna egiteko. Gero beraiek gonbidatzen dituzte argitaletxeak, literatura munduko jendea eta harremanetan jartzen zaituzte. Baina besterik ez. Hori da beraien egitekoa. idazlea liburutegian jarri eta libre utzi nahi duena egiteko.

Hori opari bat da. Hemen ez dago halakorik.
Hemen pixka bat mesfidantzarekin jokatzen da. ‘Egingo ote du, ez ote du egingo...’ Han oso altruistak dira maila horretan. Gonbidatu, egon hemen urtebete, eta ez dut ezer eman behar. Uste dut oso eskuzabal jokatzen dutela.

Nire ibilbidean amets bat edo mugarri bat da. Ikusten dut ari naizela etapak erretzen bezala. Eta hau da beste bat. Ez nuen pentsatuko hasieran hau gertatuko zenik, zeren uste dut idazleak joan behar duela pixkanaka gauzak egiten, pixkanaka bere burua hobetzen eta beti saiatu ikasten eta lan hobeak egiten. Pentsatzea hasieran joango naizela urtebeterako New Yorkera... ez. Pixkanaka bazoaz egiten ibilbide bat eta hau badela horren emaitza. Ez bakarrik nirea. Uste dut Euskal Herrian edo euskal literaturan gauzak oso ondo ari garela egiten eta kalitatezko idazleak daude. Hor egoteak Harkaitz Cano bat edo Eider Rodriguez ni hobeago bat egiten dutela.

Inguruak ere laguntzen du.
Eta gainera hainbat belaunaldi daude aldi berean idazten. Saizarbitoria, Atxaga, Sarrionandia eta gero ondorengo guztiak. Uste dut momentu polit bat ari garela bizitzen, emankor bat, eta agian beranduago konturatuko gara horretaz.

Noiz zoaz?
Irailean hasi eta maiatzean bukatzen da baina luzatu egingo dugu ekainera arte geratzen.

Columbiako Unibertsitatean bada School of Arts deitzen dena. Hemen Arte Ederrak ditugu, han Arte Ederretan literatura ere badago. Artea, diseinua, zinea, musika eta literatura daude, denak batera. Gonbidatu egin naute Columbiakoek hango irakasle gonbidatu bezala, nahi badut hitzaldiren bat edo ikastaroren bat eman. Adibidez, Orhan Pamuk dago hor, departamentu horretan eta jende horrekin egon ahal izatea zorte handia da, soilik entzuteko zer esaten duten.

Entzutea oso garrantzitsua da. Sormenaren hasiera da entzuten jakitea. Txikitatik nahi izan dut beti entzun, historiak entzun. Eta orain ari naiz historiak kontatzen. Entzutetik dator dena. Txikia nintzenean, haur eskola garaian, lagunek esaten dute ez nuela hitzik egiten. Eta hasi nintzela lehenengo edo bigarren mailan elkarrizketak edukitzen. Etxean bai hitz egiten nuen, baina eskolan ez. Egiten nuen begiratu, begiratu, begiratu eta entzun, entzun, entzun. Uste dut literatura ere hortik datorrela, detaileak jaso, entzuten jakin, elkarrizketak entzun, zure inguruan begiratzen jakin eta detaile txikienean oinarritu. Hortik sortzen da literatura ona. Eta gero berridaztetik. James Salterrek esaten du: ‘La literatura es reescritura’. Ezin duzu hasierako bertsioa ontzat eman. Berridatzi asko egin behar da eta nik egiten dut. Esaldi bakoitzaren soiltasuna bilatu arte. Nahiz eta euskal literaturan bilatzen den esaldi luzea eta adornatua, baina hori da begiratzen dugulako frantses eta espainiar literaturatara. Baina literatura anglosaxoia beste era batekoa da, edo japoniarra, oso soilak dira. Zergatik hanpatu behar dut? Zergatik izan behar dut bi horiek modukoa? Geure buruari begiratzen ahalegindu behar dugu, garai batean Oteizak egin zuen moduan. Euskalduntasunari begiratu eta hortik idatzi munduari, hortik planteatu eredu berriak.

Aurkeztu zenuen proiektutik zerbait gehiago konta dezakezu?
Nobela bat idatzi nahi dut, luzea. Bila nabil. Emakume figura baten atzetik nabil zentroa izateko. Gainera uste dut ni nobelagilea naizela.

Zure poeta izaera bukatu da?
Ez da bukatu, baina poeta izaera hori prosan azalduko dut. ‘Bitartean heldu eskutik’ oso garrantzitsua izan zen niretzat, erakutsi zidan bide bat. Baina uste dut beste bat idazten ez nukeela ondo egingo, momentuz behintzat. Iowan egon nintzen iaz eta esaten zidaten ‘zure trebetasunak nobelara bideratu, zeren hor egin ditzakezu gauza onak, poesian baino gehiago’. Estruktura konplexuak sortu, esaldiz esaldi joan, pertsonaiak bilatu… Nik brometan esaten dut 65 urtetik aurrera poesiara itzuliko naizela (barreak).

Oraindik idazten ditut poemak eta jarraitu nahi dut nire musikari lagunekin lankidetzan, baina lana lana izango da nobelak idaztea. Eta nahiko nuke nahiko jarraian izatea. Ez izatea urte askotako hutsunea utzita bata bestearen artean, baiziki idazten joan, ikasten joan eta hobetzen joan.

Ez daukazu proiektu bukatu bat aurkezteko obligazioik, baina zu proiektu bat bukatzeko asmoarekin zoaz.
Bai [barreak]. Asmoa han idaztea eta han bukatzea da. Gainera ordu asko izango ditut. Hori bai eskatzen dutela, orduak ematea han. Baina bai, asmoa da han zerbait bukatzea. Edo behintzat zerbaitekin bueltatzea. Askotan nobelak borrokatu egiten du zure kontra, ez du nahi aurrera joan, baina gero ja idazten dituzunean orrialde batzuk eta erdialdera iristen zarenean, oso azkar gertatzen da. Behintzat hasierako borroka hori ea gainditzen dudan, eta gauzak ondo baldin badoaz, bukatu egin nahi nuke. Ikusiko dugu. Egia da ordu asko izango ditudala eta zerbait aterako da.

Bederatzi hilabete bizi izango dira.
Niretzat estimuloak dira. Idazleak behar ditu estimuloak idazten joateko, eta pertsonek ere bai. Tokiak aldatu, jendea aldatu, nahiz eta hemengo jendea maitatu ere eta Euskal Herritik idatzi mundura. Baina ikusten dut estimulo gisa ikasteko, hobetzen joateko eta euskarazko nobela on bat idazteko. Beti iruditzen zaizu ez duzula onena eman. Liburu bat amaitzean beti duzu hobeto egin ahal izanaren sentsazioa. Ez dakit inoiz izango dudan bestelako sentsaziorik. Idazle handiek esaten dute nobelak utzi egiten direla bukatu gabe. Beti duzu ideia hori, gauza gero eta konplexuagoak, elaboratuagoak direnak egiteko. Uste dut adin horretan nagoela ere. Saiatu literarioki anbiziosoak diren gauzak egiten.

Niri gustatzen zaizkit bere burua aurkitu nahian dabilen jendearen historiak, gizarteak ezartzen dizkion muga horiek hautsi nahian dabilen jendea. Esaten dute XX. mendean literatura burgesa izan dela onena, etengabe aspertzen diren burges horiena. Ni ez naiz burgesa eta aspertu ere gutxi egiten naiz. Nahiago ditut jende xehearen historiak, kalean borrokan dabilen jendearen historiak, ‘galtzaileenak’ nolabait esateko.

‘Elkarrekin esnatzeko ordua’, adibidez, gustuko dut bizitza oso bat kontatzen delako, gai askorekin. Nobela batek gai asko izan behar ditu, ez bat. Bizitza ez da gai bakarreko nobela. Oso plurala da. Gustatzen zait nobela batean gai asko zeharka erakustea.

Hori da zailena, tentsio narratiboa galdu gabe egitea. Gai askotakoak gustatzen zaizkit. Zeren bizitza ere horrelakoa da. Kanpoan eta galdetzen didate ea idatziko nukeen 80ko hamarkadako Euskal Herriari buruzko libururik. Eta agian bai, baina 80ko hamarkada ez zen soilik ETA eta gatazka politikoa izan. Gauza asko zeuden Euskal Herrian. Gauza indartsu, interesgarri eta argitasunez betetakoak.

Distantzia fisikoak, literarioki, Euskal Herriarekiko ikuspegia aldaraziko dizu?
Nik Euskal Herriaz hitz egin nahi dut beti, nahiz eta hango norbaiti buruz ere hitz egin. Baina ekilibristaren bista horrekin, hor dago, soka gainean, eta beste era batera ikusten ditu gauzak. Kafkak badu ekilibrista bati buruzko ipuin bat, ba hortik, soka horretatik ikusten du kanpora doan jendeak bere sorterria.