NAIZ

Lankidetza hitzarmena sinatu dute Etxepare Institutuak, ALC-k eta McGill Unibertsitateak

Kultura eta berrikuntza soziala izango ditu ardatz Etxepare Institutuak, Agirre Lehendakaria Center-ek eta McGill Unibertsitateak, elkarlanean, Montrealen sortuko duten katedrak. Era berean, Quebec eta Euskal Herriaren arteko ikuspegi konparatua landuko du.

Erakunde ezberdinetako ordezkariak, hitzarmenaren izenpetzean. (NAIZ.EUS)
Erakunde ezberdinetako ordezkariak, hitzarmenaren izenpetzean. (NAIZ.EUS)

Etxepare Institutuak, Agirre Lehendakaria Center-ek eta McGill Unibertsitateak lankidetza hitzarmena sinatu dute, datozen hilabeteetan euskal ikasketen katedra berri bat sortzea ahalbidetuko duena.

Katedra McGill Unibertsitatean egongo da kokatua, Montrealen, eta kultura eta berrikuntza soziala izango ditu ardatz. Era berean, McGill Unibertsitateko eta Euskal Herriko ikertzaile eta akademikoen arteko trukea bultzatuko da.

Katedra berrian eskainiko diren ikasketetan, Quebec eta Euskal Herriaren arteko ikuspegi konparatua landu, eta bi kulturen arteko elkarrizketa sustatuko da. Graduondoko ikasleei zuzenduta egonagatik ere, gradu ikasle eta unibertsitate osoko komunitateari irekita egongo dira ikasketak.

Hitzarmena Bingen Zupiria Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendariak, Juan Jose Ibarretxe Agirre Lehendakaria Center-eko zuzendariak eta Philip Oxhorn McGill Unibertsitateko errektoreordeak sinatu zuten iragan ostiral goiz honetan.

Etxepare Institutuak mundu akademikoan euskal ikasketak sustatzeko zortzi katedra jarri ditu abian orain arte Liverpool, Chicago, Bordeaux-Montaigne, Massachusetts Amherst, New York, Johann Wolfgang Goethe, Nevada Reno eta Boise State unibertsitateetan.