@belastegi
Donostia

Motxiladun ume bat gutxiago dagoela ospatu dute, beste asko falta direla ahaztu gabe

Izarrekin Sara Etxera plataformaren azken ekitaldia izan bada ere, gelditzen diren 104 motxiladun umeen eskubideen alde borrokatzen jarraituko dutela iragarri dute, motxila beraiek eraman behar duten arren pixua denona delako. Preso ohia eta haren alaba ekitaldian egon dira senide eta lagunez inguratuta.

Majarenasek eta Izarrek Porrotxen dantzak gertutik gozatu dituzte. Gorka RUBIO | FOKU
Majarenasek eta Izarrek Porrotxen dantzak gertutik gozatu dituzte. Gorka RUBIO | FOKU

Sara Majarenas preso donostiarra etxean da bere zigorra osorik bete ostean, eta harekin batera Izar txikiak ere normaltasunean bizitzeko aukera izango du. Horregatik, Izarrekin Sara Etxera plataformak bere aktibitatea eten egingo du eta sustatzaileak gelditzen diren ehundik gora motxiladun ume eta nerabeei babesa eskaintzera bideratuko dituzte indarrak.

Intxaurrondo auzoan ospatutako ekitaldia 12.00etan hasi da txalapartaren soinuarekin. Ondoren, txikien gozamenerako, Porrotx igo da kioskora eta adierazi du poz-pozik dagoela motxiladun ume eta ama bat gutxiago dagoelako, baina oraindik zama hori jasan behar dutenak ez ahazteko, bertan zeuden guraso presoen seme-alabak deitu ditu.

Gonbidatuz betetako ekitaldia izan da; Ines Osinalde musikariak kanta bat eskaini dio Izarri, bere etxeko txikienak, Peruk, hala eskatuta; aktore batzuek emakume presoek espetxean jasan behar izaten duten jazarpena islatzeko performance bat egin dute eta Majarenas bera hunkitzea lortu dute; bertsolari batek errima batzuk eskaini dizkie bertaratutakoei; eta dantzari batek agurra egin dio Majarenas, Izarri eta euren familiari.

Preso ohiak berak hitza hartu du. «Txalo hauek zuentzat dira emandako babesa eta maitasunarengatik. Urte latz honek alde positibo bat badauka, hau izan da; herri honek duen antolatzeko eta bat batean erantzuteko gaitasuna. Lortutakoa, eskatzen genuen guztia ez bada ere, zuei esker izan da», azpimarratu du. Espetxean utzitako kideak gogoan izan ditu, baita horien senideak eta bidaiatzea tokatzen zaien haur guztiak ere. Era berean, egoera honekin eusteko arrazoirik ez dagoela adierazi du. «Buru makur ikusi nahi baituzte, baina ez dute lortuko. Irriz eta indartsu jarraituko dugu», bota du pozik.