naiz

Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta erreformatzeko «kontsentsu politikoa» eskatu du EH Bilduk

«Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentak ez du gehiagorako ematen. Horregatik, legearen erreformarako ordua iritsi dela uste dugu», adierazi du EH Bilduk. Honela, kopuruetan ezarritako %7ko murrizketa «bertan behera» uztea aldarrikatu du, baita prestazioen kalkulurako Lanbide arteko Gutxieneko Soldata erreferentzia moduan hartzea eta gutxieneko errolda hiru urteetatik urtebetera itzultzea. «23 urteetatik 18 urteetara jaitsi behar da prestazioa jasotzeko adina», defendatu du.

Maddalen Iriarte eta Nerea Kortajarena, gaurko agerraldian. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Maddalen Iriarte eta Nerea Kortajarena, gaurko agerraldian. (Aritz LOIOLA/FOKU)

EH Bilduk Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta berritzeko proposamen bat iragarri du, Maddalen Iriarte bozeramaileak eta Nerea Kortajarena legebiltzarkideak Bilbon egindako agerraldi batean. Koalizioak, DSBEk pobrezian eta desberdintasun sozialen gutxitzean izan duen «eragin positiboa» azpimarratu du, baina ohartarazi du horretarako mugak «gero eta nabarmenagoak» direla. «Diru Sarrerak Bermatzeko Errentak ez du gehiagorako ematen. Horregatik, legearen erreformarako ordua iritsi dela uste dugu», adierazi du Iriartek.

«Borroka soziala eta ekimen politikoa» aldarrikatu ditu erreforma horri heltzeko. «Argi geratu da kontsentsu sozial zabala dagoela erreformaren oinarriak ezartzerako orduan. Bat egiten dugu kontzentzu sozial zabal horrekin, eta orain, kontsentsu politikoa bilatzeko garaia heldu dela uste dugu», azpimarratu du.

Bide horretan, talde guztiekin hitz egiteko prestutasuna adierazi du EH Bilduk, «akordio zabal bat bilatze aldera». Zentzu horretan kontaktuak izan ditu dagoeneko Iñigo Urkulluren Gobernuarekin: «Jarrera eraikitzailea izan dugu eta izango dugu. Lege on bat bideratzeko prest gaude. Gure baldintza bakarra, honako hau da: Legearen erreformaren helburua babes sistema hobetzea eta zabaltzea izatea».

Hiru helburu markatu ditu koalizioak: «Egun sistematik kanpo geratzen diren pertsonak sistemara erakarri, sistemaren eraginkortasuna handitzea eta sistema legitimatzea».

Nerea Kortajarena legebiltzarkideak, Legearen erreformarako oinarri bezala, 2008ko Legea berea hartu behar dela defendatu du. «Hau da, gaur egun indarrean dauden murrizketak alboratu behar dira». Zentzu horretan, kopuruetan ezarritako %7ko murrizketa «bertan behera» uztea aldarrikatu du, baita prestazioen kalkulurako Lanbide arteko Gutxieneko Soldata erreferentzia moduan hartzea eta gutxieneko errolda 3 urteetatik urtebetera itzultzea. «23 urteetatik 18 urteetara jaitsi behar da prestazioa jasotzeko adina», gehitu du.

«Elkarbizitza unitateak ezin dira mugatu. Ezin daiteke onartu elkarbizitza eredu batzuk zigortzea, horrek kalte handia ekarriko luke pentsiodunak, desgaitasuna duten pertsonak edo indarkeria matxistaren biktimak bezalako kolektiboentzat», aipatu du Kortajarenak. Era berean, haurtzaroaren babeste aldera erreformak «aldaketa eta hobekuntzak» beharrezkoak direla baieztatu du.

«Langile pobreen fenomenoa iritsi da gurera. Gero eta prekarioagoak diren soldatak kobratzen dituzten langile hauek DSBEri esker egiten dute aurrera kasu askotan. Ikuspegi honetatik, ezin dugu konpartitu Jaurlaritzak pizgarri horien zenbatekoa 400€tara mugatzea. Neurri hau DSBEren gastuan mugak jartzeko ikuspegitik bakarrik uler daiteke», amaitu du.