NAIZ
GASTEIZ

Lokal hutsak gizarte-alokairuko etxebizitza bilakatzeko proiektu pilotua abian jarriko du Lakuak

Erabiltzen ez diren lokalak gizarte-alokairuko etxebizitza bilakatzeko Lakuako Gobernuak abian jarri duen programa pilotua aurkeztu du Iñaki Arriola sailburuak. Exekutiboak bederatzi udalerritan dituen eraikinetako lonjetan 45 gizarte-etxebizitza sortuko dituzte.

Iñaki Arriola sailburua eta Josu Erkoreka, Lakuako Gobernuaren eleduna, iragan iraileko irudi batean. (IREKIA)
Iñaki Arriola sailburua eta Josu Erkoreka, Lakuako Gobernuaren eleduna, iragan iraileko irudi batean. (IREKIA)

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak, Iñaki Arrioalk, erabiltzen ez diren merkataritzako etxabeak gizarte-etxebizitza eta zuzkidura-biltegi bihurtzeko abian jarritako programa pilotua aurkeztu du.

Ohiko merkatuan egon ezin duten kolektiboei etxebitzak eman eta hiri-espazioa suspertzea da ekimenaren xedea.

Etxebizitza Sailak egin duen azterlan batean, Lakuaren bizitegi-parkeko eraikinetako etxabe eta solairuarteetan erabili gabe dauden ehun bat lonja identifikatu ditu.

Eskaririk egon ez zenez, lokal horiek ez zuten hasieran aurreikusten zitzaien erabilera tertziarioa eduki eta, horiek baldintzak aztertuta, etxebizitza edo zuzkidura-biltegi gisa erabili daitezkeenak hautatu dituzte.

Hala, bederatzi udalerritan gizarte-izaerako 45 etxebizitza aurreikusten dituen plana jarri dute abian.

Aurreneko esku-hartzea Bilbon egingo da, Santutxu eta Indalecio Prieto kaleetan; bertan, lau lokal hiru etxebizitza bilakatuko dira, horietako bat mugikortasun murriztua duten pertsonei egokituta. Aurrekontua, guztira, 283.000 eurokoa da.

Hilabete honetan, lau lotetan banatutako beste 12 etxebizitzaren proiektuak lizitatuko dira: Barakaldo (lau gizarte-etxebizitza), Elgoibar (lau gizarte-etxebizitza), Portugalete (bi zuzkidura-bizitegi) eta Gasteizen (bi zuzkidura-bizitegi).

Bigarren fasean, beste 30 etxebizitza jarriko dira martxan, honako udalerri hauetan: Barakaldo, Bilbo, Arrigorriaga, Santurtzi, Sestao edo Lekeition.

Helburu nagusia alokairuaren eskaintza publikoari laguntzea bada ere, estrategian hiri-dimentsioa ere badagoela nabarmendu du Arriolak. «Erabiltzen ez diren lokal horiei berriz heltzea, eta, bide batez, erabiltzen ez den ondarea suspertzea hiri-espazioa indartzeko tresna dira», esan du.

«Guztiok ezagutzen ditugu –azaldu du– auzo berriak eta zaharrak gure herrietan, lonja hormatuz beteriko eraikinekin, sekula merkataritzarako edo negozioetarako lokal bilakatuko ez direnak. Espazio horiek, kasu askotan, etxebizitza bilaka daitezke, batik bat gazteentzako etxebizitza». Udalak hausnarketa bera egitera animatu ditu sailburuak.