naiz
Donostia

Satorralaiak Donostiako metro-pasantearen aurkako manifestazioa deitu du ekainaren 2rako

Ekimen ugari antolatuko ditu Donostiaren metro-pasantearen kontrako Satorralaia mugimenduak maiatzan zehar. Mahainguru, kaltetutako zonaldeei bisita, batzar irekiak edo 10 orduko enkarteladak gauzatuko dituzte, ekainaren 2rako deitu duten manifestaziorako deialdia indartu asmoz.

Satorralaia mugimenduak mobilizazioa deitu du ekainaren 2rako. (Satorralaia)
Satorralaia mugimenduak mobilizazioa deitu du ekainaren 2rako. (Satorralaia)

Satorralaia bizilagunen mugimenduak Donostiako metro-pasantearen aurkako manifestazioa deitu du ekainaren 2an, «egoeraren larritasunari behar den indarrarekin erantzuteko». Lurpeko zulaketa lanak hastear daude Pio Barojako Polikiroldegiaren ondoan eta horrek «alarmak piztu» ditu.

Mugimenduak bizilagun eta talde sozial guztiei dei egin die Donostiako Metroaren pasantearen aurkako erantzunari «bultzada berri bat emateko eta eskatzeko». Mobilizazioen bitartez, «obrak geldi daitezela, obra honen diru-partidak jendarteak une honetan dituen premia bizienak asetzera zuzendu daitezela eta Donostiarentzat garraio pulbikoko eredu egokienaren inguruan informazio eta herritarren partaidetzan oinarrituriko erabaki prozesu bat abian jar dadila» eskatzeko deitu ditu mobilizazioak.

Mobilizatzeko beharra eta «egitasmoari eusten dioten alderdiek presioa senti dezaten» jendartea kalera ateratzera gonbidatu dute. «EAJ da herritarren artean arbuio zabala jaso duen egitasmo honek modu fatidikoan aurrera jarraitzearen erantzule nagusia». Zentzu honetan, herritarren partaidetzari eta eztabaida publikoari «ateak irekitzeko» edo egitasmoa gelditzeko eta herri galdeketa bat egiteko eskaera guztiei ezezkoarekin erantzun zaiela ere nabarmendu dute.

Baina ekainaren 2ra iritsi aurretik, salaketa eta informazio ekimen ugari antolatuko dituzte. Maiatzaren 10ean, 19:00etan, Karmelitasen parrokiako zine aretoan, ‘Garraio Publikoa eta Metroaren pasantea: Lehentasuna ala xahuketa?’ mahaingurua eginen dute. Hilaren 12an, aldiz, Parodiazko «bisita turistikoa» egingo dute metroaren pasanteak hiriaren erdialdean eragingo lituzkeen kalteak salatuz. Irteera 12:00etan Easo Plazako kioskotik izango da.

Maiatzaren 21ean, berriz, 19:00etan elkartuko dira Amarako eskoletan, batzar ireki baterako eta 26 eta 27aren asteburuan, bizikleta martxa eta kirol elkarteekin aldarrikapen ekintzak gauzatuko dituzte Antiguan. Azkenik, hilaren 29an, 10 orduko enkartelada eginen dute, ordu beteko txandak eginez eta talde sozial desberdinen partehartzearekin.