Arnaldo Otegi: «Balia dezagun aukera hau denborarik galdu gabe»

«Ongietorria» eman dio Arnaldo Otegik «Euskadi ta Askatasunak ardura historikoz hartu duen erabaki honi». Euskal Herria oraindik «bakerik eta askatasunik gabeko herria» dela nabarmendu du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eta «aukera hau denborarik galdu gabe» baliatzeko deia egin du. 

Ion T. BARRENA|DONOSTIA|2018/05/03|2 iruzkin
Otegi
Arnaldo Otegiren agerraldia Donostian ETAren erabakia ezagutu ostean. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Hedabideen aurrean adierazpen labur bat irakurri du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ETAren azken adierazpena ezagutu eta gutxira. Lehen hitzak «sufritu duten eta sufritzen ari diren pertsonak gogoan» egin ditu Otegik, «inor bazterrean utzi gabe», azpimarratu du azken esaldi hori bitan errepikatuz. 

ETAren erabakia «ardura historikoz» harturikoa dela nabarmendu du eta «erantzukizun osoz» hartutakoa izan dela, «ongietorria» eman dio erabakiari Otegik. Hala ere, azpimarratu du «bakerik eta askatasunik gabeko herria» garela oraindik eta «hori eraldatzkeo bidean» jarraituko dutela azpimarratu nahi izan du, «etenik gabe eta lortu arte».

Gaurtik aurrera Euskal Herrian «aro berri bat irekitzen da definitiboki» Otegiren ustez eta «herri gisa urratsak emateko abagunea» ireki dela adierazi du dei bat eginez, «balia dezagun aukera hau denborarik galdu gabe». 

Gaurko egoerara iristeko bidea zaila izan dela nabarmendu du, «askotan ez da posible izan, oztopo asko izan ditugu, batzutan ez dugu asmatu, baina borondatea bazegoen eta azkenean egin dugu». GAurko eguna iritsi zein lanean aritu diren guztiei eskerrak eman dizkie Otegik. 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK