Gotzon ARANBURU

Eraikinen Inspekzioa

Babesgabe sentitzen dira baserritarrak. Oraingoan, EIT (Eraikinen Inspekzio Teknikoa) etorri zaie gainera, baina bihar LPS (Lurralde Plangintza Sektoriala) izango da, eta etzi nork jakin. Nekazarien egunerokotik urrun eta haien benetako errealitatea ezagutu gabe diseinaturiko ekimenak direla uste dute. Are gehiago, eta oraingoz EIT-ra mugatuta (baserrietako «ITV» moduan ezagunagoa), teknikoek eta politikoek asmo onenarekin prestatuko zutela ez dute zalantzan jartzen sektorean, baina oso garbi adierazten dute baserriaren iraupenari, transmisioari eta etorkizunari emandako kolpe latza dela, dagoenean geratzen bada behintzat. 

Erabilera anitzeko eraikinak dira baserriak. (Gotzon ARANBURU)
Erabilera anitzeko eraikinak dira baserriak. (Gotzon ARANBURU)

Kezka dago baserritarren artean. Egia esan, aspaldidanik daude kezkatuta, ehunka urtez Euskal Herriko eremu handi batean ekoizpen, bizitza eta izaera sinbolo izan den baserriaren iraupena arrisku bizian ikusten dutelako. Gero eta arrotzago zaio baserritarra, nekazaria, hirietako biztanleari, baita erdi mailako herri askotakoari ere. Bai, hor daude baserriak, eta politak dira, baina baserrian lan egitea, aurrera irteteko egin beharreko sakrifizioa, hori guztia arrotza zaigu gehiengoari. Administrazioarentzako ere, ustiaketa txikiz osatutako nekazal mundua ez da lehentasunezko arazoa, Barne Produktu Gordinaren aldetik ez baitu suposatzen ehuneko handia. 

Badira oraindik ere gizon eta emakume ausartak, ekoizpen, banaketa eta kontsumo globalizatua nagusitu diren garai hauetan nekazaritza baserritarri eutsi nahi diotenak, garai berrietara egokituz soroak, baratzeak, zelaiak eta basoak era aproposenean ustiatzen saiatzen direnak, baita lan horren produktuak komertzializatzeko bide berriak asmatzen ere. Baina betiere soka mehe baten gainean ari dira dantzan, noiz oreka galduko beldurrez. Askok men egiten dute eta kaleko lantokira jotzen dute azkenean; batzuek mantenduko dute baserria bizitoki soil moduan, beste batzuek atariko atea itxi eta betirako ahaztuko dute. Testuinguru honetan ulertu behar da EIT bezalako ekimen batek nekazarien sindikatuei sortzen dien kezka, kezka latza. 

Gari Nazabal zaldibiarra Gipuzkoako EHNE sindikatuaren idazkari nagusia da. Lanbidez nekazaria denez, bi ardurak batera eraman beharrak buruhauste bat baino gehiago sortzen dio, eta are gehiago azken garaiotan, EIT dela-eta. Gurekin hitz egiten ari den bitartean, lastoa dakarkion garraiolaria iritsi da. Bileretatik ukuilura jauzi egiten ohituta dago.

Berez, Eraikuntzen Inspekzio Teknikoa 50 urtetik gorako bizitoki guztiei aplikatzekoa da, izan kaleko etxe edo izan baserri. 2015ean Etxebizitza Lege berria onartu zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta haren ondorio den EIT-aren dekretua tramitatzen ari da orain Lakuako Gobernua. Legeak dioenari helduta, zenbat udalek datorren ekainerako inspekzioa pasata eduki behar dela abisua emana dute, eta horrek piztu ditu alarmak. Egoera ez da, ordea, batere garbia, esan bezala dekretua oraindik argitaratu gabe dagoelako, eta dekretu horretan zehaztuko delako inspekzioak nolakoa izan behar duen eta balizko salbuespen egoerak zeintzuk liratekeen.

Egitura eta energia-eraginkortasuna

Zer da EIT, hitz gutxitan? Eraikinaren inspekzio sakona, arkitekto batek edo aparejadore batek egin beharrekoa. Bi alderdi nagusi ditu; batetik, eraikinaren egoera estrukturala aztertzen da, bai bertako biztanleentzako eta bai hirugarren batentzako arriskurik ba ote daukan ikusteko, eta bestetik energia-eraginkortasuna, umeltasun edo isolamendu arazoak… horrelakoak aztertzen dira, bizitza kalitateari lotutakoak eta ez eraikinaren osasun egoera estrukturalari.  

Aurreneko arloko arazoak antzemanez gero, ikuskatzaileak arazo horiek konpontzeko zer lan burutu behar diren zehaztuko dio jabeari bere txostenean. Konponketa horiek nahitaez egin beharrekoak dira, epe jakin batean. Bigarren arloko arazoak konpontzea aholkatuko du, baina ez aginduko, oraingoz. Jakina, bai ikuskapenaren eta bai balizko konponketa lanaren faktura etxejabearen bizkar doaz: hamasei etxebizitzako eraikina bada eta teilatua konpondu beharra badago, hamaseien artean banatuko da ordainketa, eta familia bakarra bizi den baserriko teilatua bada, familia bakarrak ordaindu behar. 

EHNEk garbi dauka ez dela konparagarria kaleko etxe batek hirugarrenekiko daukan arrisku maila eta baserri batek daukana. Dentsitate kontu bat da, argi ikusten dena, baserri baten ondotik pasatzen den lagun bakoitzeko ehun edo bostehun pasako direlako kaleko etxearen ondotik. Bigarren arloari dagokionez, berriz, ia beti zaharra da baserria, energia-eraginkortasunean eta konfortean egokitzapenak egiteko nekeza, beraz. Gainera, eta hau oso inportantea da, eginkizun askotarako pentsatutako eraikina da baserria, ez bakarrik bizitoki, baizik eta lantoki, ukuilu, biltegi eta abar. Horregatik da baserria eta ez txaleta. 

Norberari, baserritarrari, etxeko egoerak sor diezaiokeen arriskuaren kontua dago bestetik. Nazabalek dioen moduan, eraikina arrisku egoeran badago bertako biztanlea izango da horretaz konturatzen lehena. Baserriak pitzatu bat daukala jakiteko ez dauka EIT beharrik, eta orain arte ez badu konpondu, ez da izango ez duelako nahi, ezin duelako baizik. Berriro kontu berera goaz. Lan handiak, aurrekontu handiak, eta familia bakarra edo bi faktura ordaintzeko.

Kaleko etxeei eta baserriei normatiba bera aplikatzea

ENBAren presidente Iñaki Goenaga iritzi berekoa da: «EITren txostenean jasotzen diren kasu larriak (erortzeko arriskua...) norberak ikusi eta ondo asko ezagutzen ditu. Ez zaigu bidezkoa iruditzen kaleko etxeei eta baserriei normatiba bera aplikatzea. EITren helburu nagusia eraikinaren egituraren segurtasuna bermatzea da bai norberaren onerako –pentsa dezagun 10 pisuko blokean– bai besteekiko segurtasunerako, ondokoentzat edo espaloitik doazenentzat, eta kasuistika hau ez da gure baserrietan ematen».  

EHNEk eta ENBAk Lakuako Etxebizitza sailarekin egindako bileretan gaia mahai gainean egon da. Sindikatuek baserrien izaera berezia dekretuan jasotzea nahi dute, izaerari horrek tratamendu egokia izan dezan, baina Jaurlaritzak ezetz erantzun die, eta udalek izango dutela, teknikarien bidez, baserri bakoitzaren kasua aztertzeko ahalmena. Jakina, honek oso interpretazio eta balorazio desberdinak izatea ekar lezake herri batean eta ondokoan. 

Zer da etxebizitza, zer da baserria?

Oinarrira joanda, galdera bat dago airean kontu honetan, «etxebizitza» zer den, «baserria» zer den, «nekazal etxea» zer den. Ipar isurian, Bizkaian eta Gipuzkoan nahikoa garbi dago zer den baserria, baina ez Araba eta Nafarroako eremu handi batean. Legeak dioenez, EIT pasa beharreko eraikinak «batik bat bizitoki erabilera» dutenak dira, eta hor berriro nahasmena sortzen da. Izan ere, lege batzuen arabera, baserria nekazal ustiategiaren elementu bat gehiago da. Begi bistakoa da erabilera anitzeko eraikina dela, askotan teilatupe berean, Nazabalek adierazi bezala.

Iñaki Goenagaren hitzetan «legeak aurreikusten duen ‘nagusiki etxebizitza erabilpena duten eraikinak’ baldintza hori ez da betetzen baserrien kasuan. Gure eraikinetan etxebizitzarekin batera ukuiluak, mandioa, ganbara edo biltegiak baitaude, eta beraz gure ustean baserrietako erabilpen nagusia ez da bizitokitarakoa, baizik eta nekazal erabilpena».

Zalantzak ez dira hor bukatzen. Orain arteko legeak salbuespeneko tratamendua ematen zien bide publikoetara ematen ez duten eraikinei, baserriei. Ez dago garbi, ordea, zer den bide publikoa. «Herribide» deitu izan direnak bide publiko moduan jasota daude herri batzuetako inbentarioetan, beste batzuetan ez. Jasota daudenetan ere, saltsa ez da falta izaten, jabetza partikularreko sailetik pasatzen den herribidea publikoa den edo ez, haren mantenu eta konponketaz nor arduratu behar den…

Nolabait ere gauzak sinplifikatzeko, argitzeko eta aplikagarri egiteko, EHNEk proposatu du lurzoru ez urbanizagarrian dauden eraikinak salbuestea EITetik. Onartzen du Nazabalek ez dela planteamendu perfektua, eta galdera hau egin dakiokeela: horrek salbuetsiko lituzkeen guztiek beharko lukete salbuetsita? Kontrako galdera egiten du berak: zein da planteamendu egokiena salbuetsita behar luketen guztiak salbuesteko? Edozein kasutan, planteamendu ulerterraza eta sinplea izan beharko luke, Udal bakoitzak garbi eduki dezan aplikazioa.

Etorkizunaren kezka

Esan dugu hasieran baserrien eta baserritarren etorkizunak kezkatzen dituela sindikatuak, eta kezka hau jartzen dutela mahai gainean Administrazioarekin biltzen diren bakoitzean. Alde batetik, etengabe aditzen dugu nekazal eredu propioa mantendu behar duela Euskal Herriak, bertako ekoizpena eta kontsumoa bultzatu behar dela, baserria eta baserritarrak gure kulturaren osagai ezinbestekoak direla… EITaren arazoa, eta LPSarena, eta beste asko, borondate eta aldarri horiek benetakoak diren galdetzera garamatza, hala ikusten dute ENBAn. Antzemanda daude, eta ez da horretarako aditua izan beharrik, nekazal eremuetatik kalerako migrazio bat dagoela, euskal lurralde guztietan, hego eta ipar, eta baserrien eta nekazaritza aktibitateen transmisioan etena gertatzen ari dena. Hustutako baserriak, salgai jarritakoak, utzitako sailak… edozeinek eta edozein tokitan ikusiko ditu.

«Ez ahaztu –diosku Nazabalek– baserritar asko, bizitza osoa lanean akabatzen aritu eta gero, pentsio negargarriekin geratu direla. Hilaren bukaerara iristeko nahikoa lan badaukate, eta nola ekingo diote bada etxearen goitik beherako konponketari? Metro koadro asko dituen etxeari, gehienetan. Eraberrituta ikusten ditugun baserri asko fabrikako soldatarekin konpondu dira, eta eskerrak horri, baina horrek agerian uzten duena da baserriko lanak emandakoarekin ezin izan dela eraikina zaindu ere egin. Hori da gure nekazal munduaren errealitatea askotan. Kontenplatzen al du Administrazioak egoera ahulenean dauden baserritar horientzako laguntza sozial moduko bat, esaterako EITak etxean ekidinezinezko obra bat egin behar duela ondorioztatzen badu?».

Gordin esanda, baserriak EIT gainditzeko 100.000 euroko aurrekontua aurkezten dioten baserritar batek baino gehiagok paso egingo du, dena bere poltsikotik jarri behar badu ezingo duelako asumitu, besterik gabe. «Ez dakit saldu edo oparitu, zer egingo duen», dio Nazabalek.

Hilaren 12an sindikatuek Lakuako sailburuorde eta zuzendariarekin izandako bilerak ez du emaitza handirik eman. Jarrera itxian ikusten du Administrazioa Gari Nazabalek, sailen artean elkarri pilota pasatzen eta arazoari aurrez aurre egiteko prestutasun gutxirekin. ENBAren balorazioaren arabera, «ustialekuari lotuak dauden baserrientzat salbuespena lortzeko bidea jorratzekotan geratu ginen, Madrileko Ustialekuen Modernizaziorako legean aurreikusten baita ustialeku elementuak direla». 

Asko dira kexarako arrazoiak. Lurraren erabilerarako araudiak, esate baterako. Jakina da Gipuzkoan eta Bizkaian batez ere landa lurra zein urria den, baina hala ere honen kontserbazioa ez da lehentasuna. Errepideak egiteko, Abiadura Handiko Trenarentzako, erraustegiarentzako… horretarako bi aldiz pentsatu gabe okupatuko dute behar adina, «lehentasunezko» proiektuak direla eta legearen zirrikitu guztiak aprobetxatuz, baina txikiari, etxe ondoan biltegi koskor egiteko baimena eskatzen duen baserritar horri, bi aldiz pentsatu gabe emango diote askotan ezezkoa, legeak zorrotz asko aplikatuz. Holako kasu mingarri ugari ezagututakoa da Nazabal, eta inpotentziaz dio ezinezkoa gertatzen dela denei aurre egitea. Sektoreko sindikatuek galtzak bete lan dauzkate tokian tokian sortzen zaizkien eskaerei erantzuten eta askotan ez dira iristen, hain da eta desorekatua hauen bitartekoen eta Administrazioaren makineria administratibo erraldoiaren arteko konparazioa.

Nekazal mundua egunetik egunera ari da ahultzen Euskal Herrian, gehienbat ipar isurian. Sindikatuek elkarlana eskatzen dute, arduraz jokatzea, eragileekin hartu-emana izatea errealitatea ondo ezagutzeko eta konponbide ausartak eta egokiak planteatzeko. Bakoitzak –baserritarrek, sindikatuek, Administrazioak, kontsumitzaileok– bere erantzukizuna du. Diagnostiko amankomun eta konpartitua egin eta neurri eraginkorrak eta berehalakoak hartzea, hori eskatzen du sektoreak. Eta koherentziaz jokatzea Administrazioko maila guztietan eta erakunde bakoitzaren departamentuen artean, gaur egun behar baino gehiagotan gertatzen ez dena.