NAIZ
SENPERE

Giroa bero Herri Urratsen

Beroa izan da Herri Urratsen hasiera ekitaldia, eta beroa da ere urtero lez Senpereko lakuaren inguruan sortu den giroa. Bertan izan da Pierre Barrière Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskaria, zeinak ez duen Iparraldeko ikastolak dituzten arazoei aurre egiteko inolako proposamenik egin.

Jende andana bildu da aurtengoan ere Herri Urratsen. (@Udalbiltza)
Jende andana bildu da aurtengoan ere Herri Urratsen. (@Udalbiltza)

Giroa bero Herri Urratsen. Eta giroa bero hasiera ekitaldian ere. Bertan hartu dute parte, besteak beste, Pierre Barrière Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskariak, Jean-René Etchegaray Baionako alkate eta Euskal Elkargoko lehendakariak eta Paxkal Indo Seaskako lehendakariak.

Ez du batere harrera onik izan Barrièrek. Bere kargutik, berak behar luke izan Iparraldeko ikastolek dituzten arazoei irtenbidea ematearen arduraduna. Aitzitik, irtenbiderik aurkeztu ez eta begi txarrez hartua izan den proposamena egin du: herri txikietako ikastolak bateratzearena, irakasle kopurua handitu beharrik egon ez dadin.

Bestelako harrera izan du Etchegarayren hitzartzeak. Osoki egin du honek euskaraz, eta hala amaitu du: «Parisek ez badu euskara errespetatzen esan nahi du ez duela gure lurraldea errespetatzen». Egun etenda dauden negoziaketak berrartzea espero duela esan du.

Indok, berriz, eta esateko askorik badu ere, hitzaldi positiboa egin nahi izan du. Hala, azken urteetan eman diren aurrerapausuak goraipatu ditu.

Senperako lakuaren inguruan ere bero da giroa. Eguraldiak eutsiko dionaren esperantzaz, aurten bildutako dirua Lartzabalgo Manex Erdozaintzi Etxart kolegioarentzat izanen da.