NAIZ
DONOSTIA

‘L’Hermione’ fragata ez da Pasaiako Itsas Festibalaren hasiera ekitaldira iritsiko

‘L’Hermione’ fragata, munduko itsasontzi historiko ederrentzat hartzen denak, ezingo du bihar goizean Pasaiako Itsas Festibalaren hasierako ekitaldian egon, Vigoko portuan geratu behar baitu motor bat konpontzeko. Galiziatik gaur arratsaldean abiatzea espero dute eta jaialdian zehar iristea.

‘L’Hermione’ fragata bihar goizerako espero zuten Pasaiako portuan, baina eguraldi txarra tarteko abiadura moteldu behar izan du eta ezin izango du Itsas Festibalaren hasiera ekitaldirako iritsi. Gainera, Vigoko portuan geldialdia egin behar du, hondatu zaien motorretako bat konpontzeko.

80 laguneko eskifaia du ‘L’Hermione’k eta tartean dira Albaolako lehendakari Xabier Agote eta beste hainbat «marinel» gipuzkoar. Bertrand Salle de Chou Hermione Elkarteko ordezkariak azaldu duenez, ahal duten guztia egiten ari dira Pasaiara garaiz iritsi ahal izateko eta Itsas Festibalaren antolatzaileekin hartutako konpromisoa bete ahal izateko. Baina ipar haizeak, hondoko itsasoak eta korronteek abiadura moteltzera behartu ditu, eskifaiaren segurtasuna bermatzeko. Ontzia hilaren 11n atera zen Algarveko Portimao herritik.

Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak esan duenez, ontzia bisitatzeko sarrera erosita zutenei zenbatekoa itzuliko zaie eskatzen badute. Antolatzaileak lanean ari dira itsasontzia ikusi nahi dutenei beste egun eta ordu batzuk emateko.

‘L’Hermione’ munduko itsasontzi historiko ederrentzat hartzen da. XVIII. mendeko fragata  eraikitzeari duela 20 urte ekin zioten eta munduko itsasoetan barrena nabigatzen ari da ontzi handi hau. ‘L’Hermione’ originala famatua da La Fayette markesa eraman zuelako Ameriketara 1780an, independentzia gerran matxinoei laguntzera. Aurretik, 1777an, beste bidaia bat egin zuen La Fayettek Ameriketara… Pasaiatik abiatuta eta Gipuzkoan egindako armak garraiatuz. Badago plaka bat Pasaian gertakari hori gogorarazten duena.