naiz

Hezkuntzan lortutako akordioak «guztion garaipena» direla nabarmendu du LABek

LAB sindikatuak hezkuntza publikoan lortutako akordioak «guztion garaipena» direla nabarmendu du eta negoziazio mahaiek «eman zezaketen guztia» baliatu dutela adierazi du. Era berean, «borrokaren balioa» nabarmendu du eta honek Lakuako Gobernuaren «jarrera inmobilista hausteko» balio izan duela azpimarratu.

LAB sindikatuak hezkuntza publikoan lortutako akordioak baloratu ditu. (LAB)
LAB sindikatuak hezkuntza publikoan lortutako akordioak baloratu ditu. (LAB)

EAEko irakaskuntza publikoko azpi-sektoreetako LABeko ordezkariek agerraldia egin dute gaur. Bertan, lortutako akordioen nondik norakoak aztertu dituzte. «Lortu ditugun akordioak guztion garaipena dira. Ibilbide luze honetan, langilegoaren gehiengo zabalak babestu gaitu. Lan zentroak hustu eta kalera atera gara gure lan baldintzak hobetu eta Euskal Herriak merezi duen benetako hezkuntza publikoa aldarrikatzera», goraipatu dute.

2016an abiatu zuten dinamika «oso aberasgarria» izan dela nabarmendu dute. Ibilbide honetan, «negoziazioa desblokeatzeko» konfrontazioa beharrezkoa izan dela ekarri dute gogora. «Hezkuntza Saila mugiaraztea lortu dugu eta abiapuntua markatu da lan hitzarmen berriak negoziatzen hasteko».

LABen ikuspuntutik, kolektibo laboralek «egoera espezifikoa» dute hezkuntza komunitatearen baitan. «Urteetan zehar murrizketa ikaragarriak pairatu dituzte Hezkuntza Saila zein Administrazio orokorraren partetik. Gainera, sektoreko baldintza prekarioenak edukitzeaz gain, oso kolektibo feminizatuak dira, honek suposatzen duen guztiarekin», adierazi dute.

Haurreskolak partzuergoaren kasuan, «zikloaren aitortza politikoaren norabidean urratsak ematea» lortu dela azpimarratu dute. «Era berean, herrietako haurreskolen biziraupena bermatzen da. Ordezkoen araudi duina eta ordezkapenak betetzea lortuta haurreskoletako lan zama arintzea lortuko da, hezkuntza zerbitzuaren kalitatea nabarmen hobetuko delarik», azaldu dute.

Sukaldari eta garbitzaileetan berriz, kolektiboaren pribatizazioa ekiditea erdietsi dutela nabarmendu dute, «lanpostuen zerrenda handitu eta lanpostu berriak sortzen dira eta ratioak eta metrajeak definitzen dira, lan zamak arintzeko funtzioak zehaztuz», besteak beste. Heziketa Berezian, hiru aldarrikapen goraipatu nahi izan dituzte: fisioterapeuta, lan terapeuta eta gizarte langileen ekiparazioa, asteko jardunaren zehaztapena eta garraioa haien funtzioetatik kentzea.

Aurrera begira Euskal Herrian hezkuntza eredu propia ezartzeko jomuga ezarri dute. «Langileon lan baldintza duinak jasotzeaz gain, herriaren beharretara egokitu beharko da, eta gainera, ikaslea erdigunean kokatuko du, berau ardatz bilakatuz eta hezkuntza kalitatea bera bermatuz».