Hilaren 26ko manifestazioetan parte hartzera deitu dute Hego Euskal Herriko pentsiodunek

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako pentsiodunen plataforma eta mugimenduen asanbladak mobilizazioen dinamikari eustea erabaki du eta, gogoratu dute bide horretan badagoela jarrita lehen mugarria, maiatzaren 26an manifestazio jendetsuak egin nahi baitituzte. 

NAIZ|GASTEIZ|2018/05/17 13:27|Iruzkin 1
Pensionistas
Mobilizazioen dinamikarekin jarraituko dute pentsiodunek. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Gasteizen bildurik, mobilizazioen bideari eustea erabaki dute Hego Euskal Herriko pentsiodunen plataforma eta mugimenduek.

Gogoratu dutenez, apirilaren 19an egin zuten bilkuran lau hiriburuetan bi manifestazio nagusi egitea erabaki zuten: maiatzaren 5ean burutu zutena eta hilaren 26an egitekoa dutena.

Lehen asanblada hartatik hona aldaketa bat izan dela azpimarratu dute: «EAJ-PP akordioarekin egin dugu topo». Pentsio publikoen sistemak «luzerako ikuspegia eta neurri egonkorrak» behar dituela adierazi dute eta, hortaz, pentsiodunek uste dute gai hori ezin dela «aurrekontuen negoziazio erabakien menpe».

Gainera, ohartarazi dute aipatu bi alderdiek adostutakoarekin «2013tik hona galdutko erosmen ahalmena» ez dutela berreskuratzen eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioak eskatzeko aldarriari ezezkoa eman izana gaitzetsi dute.

Dirurik ez dagoela esatean «gezurretan» aritzea leporatu diete pentsiodunek. «Gaur egun, inoiz baino aberastasun handiagoa dago, baina bere banaketa inoiz baino injustuagoa da. Estatu espainolak bere Barne Produktu Gordinaren 4 puntu baino gutxiago erabiltzen ditu pentsioetan, gure inguruko zenbait herrialdek baino», azaldu dute eta, ondorioztatu «borondate politiko eza» dela arazoa.

Horregatik, aurrez planteatzen zituzten aldarriak berretsi dituzte pentsiodunek eta mobilizazio dinamikari jarraipena emango diote. Asteleheneroko elkarretaratzeez gain, maiatzaren 26an Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta beste zenbait herritan egingo diren manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK