NAIZ

Hirugarren etapa poltsikoratu eta lidergoa sendotu du Simon Yatesek

Eskura dauka Simon Yatesek Giroa. Aurtengo edizioko hirugarren etapa irabazi du igande honetan britainiarrak azken 17 kilometroak bakarrik eginda. Hala, sendotu egin du lehendik ere sendoa zuen lidergoa. [Etapak eta sailkapenak]

Bakarrik helmugaratu da Yates. (Luk BENIES/AFP)
Bakarrik helmugaratu da Yates. (Luk BENIES/AFP)

Zoncolan beldurgarrian ez, hurrengo egunean ikusi dira gaur arteko diferentzia handienak Giroan. Simon Yates izan da erakustaldia eman duena, eta esku-eskura dauka itzulia bereganatzeko aukera.

17 kilometroren faltan egin du eraso txirrindulari britainiarrak, eta bakarrik egin du helmugara arteko bidea. Atzetik izan ditu Dumoulin, Pozzovivo, Pinot, Lopez eta Carapaz, baina hauek ez dira gai izan Yatesen parera iristeko.

Hala, aldeak gora baino ez du egin Yatesek erasoa jo duenetik, eta itzuliko bere hirugarren garaipena eskuratzeko gai izan da britainiarra. Atzetik, 41 segundora iritsi da boskotea, eta 1.35 galdu du Chris Froomek, bezperako esfortzuak eraginda.

Orain, 2.11ko aldea dauka Yatesek Dumoulinekiko. Pozzovivo eta Pinoten artekoa da podiuma osatzeko lehia; bederatzi segundoko aldea ateratzen dio momentuz italiarrak frantziarrari.