NAIZ
IRUÑEA

Sortzen: «Euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan, gehiago itxaron ezin duen aldaketa»

Sortzenek bere urteroko jaia ospatu du igande honetan Iruñeko Antoniutti parkean. Bertan, besteak beste, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzea aldarrikatu dute: «Orain dago pilota Parlamentuko teilatuan, gehiago itxaron ezin duen aldaketa da».

Iruñeko Antoniutti parkean ospatu dute jaia. (NAIZ.EUS)
Iruñeko Antoniutti parkean ospatu dute jaia. (NAIZ.EUS)

Milaka lagun elkartu dira igande honetan Iruñeko Antoniutti parkean aurtengo Sortzen Jaia ospatzeko.

Pasa den ikasturtean Sortzenen itsasontzira igo zen Ikaskilori laguna batu zaiola adierazi dute ekitaldi nagusian: Euskarakilo. «Auzo Bizi Onaren Eskola amesten du Ikaskilok; horretarako Hezkuntza Burujabetza du tresna. Ikasle Euskaldun Eleanitzak sortuko dituen eskolarekin egiten du amets», aldarrikatu dute.

Sortzenena euskarazko murgiltze eredua dela azpimarratu dute: «Baina hezkuntza bera bezala, etengabeko egokitzapenean egon behar duen eredua izan behar du». Hizkuntzarena, baina, «marra gorritzat» dute Sortzenekoek, uste baitute hezkuntza sistemak berak bermatu behar duela ikasle euskaldun eleanitzak heztea.

Zentzu horretan, «mugen eta zonifikazioen gainetik», elkarbizitzaren aldekoa litzateke Euskal Eskola Publiko berriaren marra gorri bakarra, Sortzenen aburuz: «Euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan oinarri gisa, gehiago itxaron ezin duen aldaketa da hau. Orain dago pilota Parlamentuko teilatuan».

Kataluniako murgiltze eredua du ispilutzat Sortzenek: «Elkarbizitza ereduaren erreferente argia».

«Bultza dezagun bada, Hezkuntza Burujabetzaren bidean, gure seme-alabentzat hezkuntza sistema onenaren alde, belaunaldi berriak heziko dituen eskola eraldatzailearen alde», aldarrikatu dute.