naiz
Paris

Peio Serbielle, Robert eta Didier Arricau eta Maryse Lavie epaitzen ari dira Parisen 14 urte eta gero

Gaur eta bihar artean Peio Serbielle abeslaria, Robert eta Didier Arricau eta Maryse Lavie epaitzen ari dira Parisen, 2004an, duela 14 urte, egindako polizia operazio baten ondorioz. 1999tik 2004ra «enpresa terrorista batekin lotura duen gaizkile talde baten kideak izateagatik» epaituko dituzte, Marixol Iparragirre eta Mikel Albisu gorde edo lagundu zituztelakoan. Prozedura bertan behera uzteko eskatu du defentsak atzerapena aintzat hartuta eta prokuradorea aurka agertu da. Prozeduraren amaieran erabakiko du epaileak.

Peio Serbielle. © Bob EDME
Peio Serbielle. © Bob EDME

Saioa hasi eta berehala, Serbielleren abokatuak, Jean François Blancok, hartu du hitza eta, prozedura bertan behera uzteko eskatu du, izan diren atzerapenak aintzat hartuta, eta, ondoren, gauza bera galdegin du Arricautarren abokatuak.

Jarraian, prokuradoreak hartu du hitza eta adierazi du «terrorismoari» lotutako delituen kasuan, preskripzioa 20 urtetan ezarrita dagoela eta, beraz, ezin zaiola auzi honi aplikatu.

Epaileak prozeduraren amaieran hartuko du erabakia.

Bere deklarazioaren txanda iritsi denean, Serbiellek idatzi bat irakurri du. Bertan azken hamalau urteotako kalbarioa gogora ekarri du eta epaimahaiko presidenteari Euskal Herrian ireki den aro berriarekin bat egiteko eskatu dio. «Armak isilik» geratu direla eta justizia trantsizionala behar dela aldarrikatu du. «Euskal Herriak bere historiarekin hitzordua du; presidente jauna, egon zaitez zu ere hitzordu horretan». Hori esan eta bere poltsa hartu eta aretotik atera da musikari zuberotarra.

Robert eta Didier Arricauk eta Maryse Lavie biarnotarrek euskal militanteak hartu izana onartu eta defendatu dute.

14 urteren ostean epaituak

Egun Reauko espetxean dituzten Marixol Iparragirre eta Mikel Albisu 2004ko urriaren 3an atzeman zituzten Saliesen (Salies-de-Bearn). Atxiloketaren ondotik operazio zabala egin zuten espainiar eta frantziar poliziek Euskal Herrian zein Bearnon. Orotara, 21 lagun atxilotu zituzten ondoko aste eta hilabeteetan, Iparragirre eta Albisu gorde edo lagundu zituztelakoan. Gehienak 2010ean epaitu zituzten.

Peio Serbielle abeslaria, Robert eta Didier Arricau eta Maryse Lavie ez zituzten epaitu, eta 14 urte beranduago eseri dituzte epaitegian. Iragan azaroaren 30ean izan zuten epaileak harturiko erabakiaren berri. 14 urte hauek «Biolentziaz eta mespretxuz beteriko 14 urte» izan direla salatu zuen Serbiellek Mediabasken egindako elkarrizketa batean.

Didier Arricau eta Maryse Lavieri ETAko kideak aterpetzea leporatzen diete. Robert Arricauri, ordea, bi horiek erakundeko kideekin harremanetan ezarri izana. Serbielleri, bere aldetik, ETAko kideei aterpea ematea eta hauek garraiatzea leporatzen diote eta 16 hilabete eman zituen espetxean atxiloketaren ondotik. «1999tik 2004ra enpresa terrorista batekin lotura duen gaizkile talde baten kideak izateagatik» epaituko dituzte laurak. Gertakari horien harira, Jean-François Lefort ere atxilotu zuten 2004ko urtearen bukaeran. Bere auzia artxibatu du epaileak eta prokuradoreak ez du, oraingoz, helegiterik aurkeztu.