naiz
gasteiz

Emakumeen presentzia sustatzeko kanpaina abiatu dute hainbat kolektibok musika jaialdietan

Hainbat kolektibo feminista, gazte eta antifaxistek kanpaina bat abiatu dute Euskal Herriko musika jaialdietan emakumeen presentzia urria salatu eta hauei hainabt konpromiso eskatzeko. Hala nola, musika ekitaldi berdintzaileak izatea, erasoen aurrean prebentzioa eta sentsibilizazioa sustatzea eta esparru feministak ahalbidetzea.

Union Carbide Productions, iazko Azkenako oholtza gainean. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)
Union Carbide Productions, iazko Azkenako oholtza gainean. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

Plaza Feminista, Sare Antifaxista, Plazandreok, Arabako, Emakumeen Asanblada, Joango gara, IpEH Antifaxista, Sare Lesbianista, Musika Zuzenean, Ehuneko Bat eta Autodefensa Feminista kolektiboek kanpaina abiatu dute Euskal Herriko musika jaialdiei begira. Hauetan dagoen «emakumeen presentzia urria» salatu dute.

Gasteizko Azkena Rock jaialdiarekin eman diote hasiera kanpainari, eta hau Iruña Rock, BBK Live, Armintza Txapel Reggae, Euskal Herria Zuzenean Ehz, Gasteiz Calling edo Ehuneko Bat festibaletara zabalduko dutela iragarri dute.

Jaialdi hauei musika ekitaldi berdintzaile baten aldeko bidea egitea eskatu dite. «Emakumeak behar ditugu eszenatokietan. Enpresa sustatzailearen eta Gasteizko udalaren konpromisoa hurrengo urteetan berdintasunaren alde lan egiteko, emakume artisten zenbatekoa areagotzeko, lehentasuna emanez emakumeen presentzia duten musika taldeei parekidetasunera heldu arte», eskatu dute  Azkena Rockek Gasteizko Udalaren aldetik 270.000 euroko diru laguntza publikoa jasotzen duela gogora ekarriz.

Bide horretan, Udalari eta Azkena Rock antolatzen duen Last Tour promotorari informazio puntu bat ezartzeko eskaria ere egin diete, prebentzioa eta sentsibilizazioa sustatze aldera. Honela, elkarte eta eragile feministen elkarlana bultzatzea eta material informatiboaren kostua udalak beregain hartzea defendatu dute.

Era berean, kontzertuen eremuen barnean eraso matxistak erantzuteko esparru feministak ahalbidetzea aldarrikatu dute, «eraso matxista, LGTBIQfobikoak edo arrazistei erantzuna emateko». Hauen salaketa egin eta asistentzia emateko puntu moreen beharra azpimarratu dute.